Gizartea -

FRANTZIA

Luxuzko jatetxeak zabalik hauteman dituzte Frantzian, osasun arauak bete gabe

M6 telebista kateak eskainitako erreportajea polemika iturri izaten ari da. Izan ere, pertsona anonimo batek legez kanpoko festa horietan parte hartzea egotzi die hainbat ministrori.

Paris. Artxiboko argazkia: EFE
Paris
Paris. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian polemika piztu du M6 telebista kateak iragan ostiralean eskainitako erreportajeak. Ezkutuko kameren bitartez egindako ikerketaren arabera, Parisko luxuzko hainbat jatetxek beren ateak zabaldu dituzte egun indarrean dauden osasun arauak errespetatu gabe. Gainera, pertsona anonimo batek "legez kanpoko" otordu horietara joatea egotzi die "hainbat ministrori". Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, bere aldetik, ikerketa abiatzea eskatu du.

Antza Pariseko jatetxe esklusibo bat dena ikus daiteke erreportajean, irekita eta koronabirusari aurre egiteko osasun neurriak bete gabe. Frantzian urriaz geroztik tabernak eta jatetxeak itxita daude, pandemiari aurre egiteko. Gainera, joan den asteburuaz geroztik debekatuta dago bizilekutik 10 kilometro inguruko eremutik ateratzea, horretarako pisuzko arrazoirik izan gabe.

"Hona etortzen den jendeak maskarak kentzen ditu", zioen jatetxe bateko langile batek erreportajean. "Behin atea zeharkatuta, ez dago koronabirusik", gaineratu zuen.

Horrez gain, jendeak maskararik erabiltzen ez duen eta pertsonen arteko distantziak betetzen ez diren beste establezimendu dotore bat ere erakusten da aipaturiko erreportajean.

Gauzak horrela, Frantziako Barne ministroak jarraibideak eman dizkio Parisko Prefekturari, "salatutako gertakariak egiazkoak diren egiaztatzeko eta, hala izanez gero, afari klandestino horien antolatzaileak eta parte-hartzaileak epaitzeko".

Frantziako Fiskaltzak, bere aldetik, ikerketa bat abiatu du, "jaiak osasun arauak urratuz antolatu ziren egiaztatzeko eta antolatzaileak eta parte-hartzaileak nortzuk izan ziren zehazteko".

Hainbat ministrok akusazioak ukatu dituzte

Gerora Palais Vivienne gisa identifikatua izan den tokian honela hitz egin zien gizon batek kazetariei, kazetariak zirela jakin gabe: "Aste honetan erdi ezkutukoak diren bizpahiru jatetxetan afaldu dut, ministro batzuekin".

Pierre-Jean Chalençon Palais Vivienneko jabeak aitortu du bera dela hitz horien egilea. Bere abokatuak hedabideetara bidalitako ohar batean dioenez, ministroei buruz esandakoak txantxa bat baino ez ziren.

Bestalde, Gobernuko hainbat kidek gezurtatu egin dituzte akusazioak, Emmanuelle Wargon Trantsizio Ekologikoko Frantziako Estatu idazkariak eta Ekonomia eta Finantza ministroak kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Parisen? Frantzia bideoak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Osasun albisteak gaur Euskal jatetxeak Ostalaritza Euskadin COVID fokuak Frantziako Gobernua gaur