Gizartea -
koronabirusa
2.300 isunetik gora jarri dituzte Aste Santuan EAEn, murrizketak ez betetzeagatik
Isun gehienak zirkulatzeko eta gehienez lau pertsona elkartzeko mugak hausteagatik jarri dituzte.
eitb media
2.335 isun jarri dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoek Euskadin Aste Santuan, hau da, joan den asteazkenetik astelehenera. Pandemiaren eta koronabirusa ez hedatzeko neurriekin lotutako arau-hauste gehienak joan-etorriak mugatzeko eta gehienez lau pertsona batzeko jarritako neurriak urratzeagatik jarri dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek kontrolak berreskuratu dituzte Aste Santuko oporraldian zehar, behar ez bezalako joan-etorriak saihesteko eta indarrean dauden osasun-neurriak betearazteko.
Isunetatik, 831k etxeratzeko agindua ez betetzearekin izan dute zerikusia, 447k espazio publiko zein pribatuetan lau pertsonako gehienezko muga ez errespetatzearekin, eta beste 95ek Erkidegoko mugikortasunaren mugak ez errespetatzearekin. 485 arau-hauste zenbatu dira, guztira, musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik. Era berean, bide publikoan alkohola kontsumitu izana jatorri duten salaketak 227 izan dira, guztira.
Asteburu luze honetako balantzean bestelakoak ere jaso dituzte, neurri apalagoan bada ere, ostalaritza edo jarduera fisikorako esparruetan metro eta erdiko distantzia hautsi, eremu publikoetan erretzean pertsonen arteko bi metroko distantzia ez errespetatu eta ostalaritzako ordutegia urratu izana egotzita.
Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen jarduera bateratuak 471 salaketa utzi ditu Araban, 1.254 Bizkaian eta 610 Gipuzkoan.