Gizartea -
Koronabirusa
EBko Osasun ministroak AstraZenecaren txertoaren erabilera aztertzen ari dira
Aurrez, Sendagaien Europako Agentziak tronbosi kasuak "bigarren mailako ezohiko ondorioak" direla ebatzi eta AstraZenecaren txertoa segurua dela berretsi du.
A. O. | EITB MEDIA
Europar Batasuneko Osasun ministroak premiazko bilera egiten ari dira, AstraZeneca konpainiak koronabirusaren aurka egindako txertoaren erabilera aztertzeko.
Aurrez, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) baieztatu du txerto hori eta tronbosi kasuak lotuta egon daitezkeela; halere, AstraZenecaren txertoa segurua dela berretsi eta koaguluak "bigarren mailako ezohiko ondorioak" direla ebatzi du.
Batzarraren helburua herrialdeen jarrerak bateratzea da, bai "desinfomazioaren hedapena" geldiarazteko, bai Europar Batasunean covid-19aren aurkako txertaketa-ahaleginen inguruan akordio batera iristeko. EMAko kideak ere izango dira bilera horretan, AstraZeneca enpresa farmazeutikoak garatutako txertoaren txostenari buruzko "edozein zalantza argitzeko".
Marco Cavaleri EMAko Txertaketa Estrategiaren buruak asteartean baieztatu zuenez, "lotura" bat dago AstraZenecaren txertoaren eta zenbait pertsonak pairatu dituzten tronboen artean (batez ere plaketa-eskasia duten 50 urtetik beherako emakumeen kasuan).
"Argi esan dezakegu txertoarekin lotura duela. Hala ere, oraindik ez dakigu zerk eragiten duen erreakzio hori. Garuneko tronbosi hauek, plaketa-eskasia dutenak, dira ikertu beharrekoak. Laburbilduz, datozen orduetan lotura dagoela esango dugu, baina nola eta zergatik gertatzen den ulertu behar dugu oraindik".
Gaztela eta Leonek AstraZenecaren txertoa behin-behinean alboratzea erabaki du gaur, prebentzio printzipioa aplikatuta, Gaztela eta Leongo Osasun Kontseilaritzak jakitera eman duenez. Kautelazko neurri horrek, beraz, Gaztela eta Leonen aurreikusita zeuden txertaketa masiboei eragiten die; izan ere, covid-19ari aurre egiteko Espainiako txertaketa-estrategian ezarritakoari jarraituz, AstraZeneca enpresa farmazeutikoak eta Oxfordeko Unibertsitateak garatutako seruma erabiltzeko asmoa zuten.
Europar Batasuneko Osasun ministroen ezohiko bilera dela eta, atzeratu egingo da Espainiako Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluak asteazken honetarako deitu duen osoko bilkuraren hasiera. Bertan, EMAren erabakia, koronabirusaren egoera epidemiologikoa eta txertaketaren egoera aztertuko dira, besteak beste.