Publizitatea
Itxi

2021/04/07

16:13

Gizartea

Koronabirusa

Europako Agentzia: 'Tronboak ezohikoak dira eta AstraZenecaren txertoa segurua da'

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Sendagaien Europako Agentziak egindako ikerketak berretsi egin du AstraZenecaren txertoa segurua dela eta onurak arriskuak baino gehiago direla.

1:41
Sendagaien Europako Agentzia
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sendagaien Europako Agentziak ebatzi du covid-19ari aurre egiteko AstraZenecaren txertoa eta tronbosi kasuak lotuta egon daitezkeela; hala ere, txertoa segurua dela eta onurak arriskuak baino gehiago direla berretsi du.

Txertaketaren ostean agertutako tronbosi kasuak "ezohikoak" direla azpimarratu, eta koaguluak bigarren mailako ondorio "oso arraroen" zerrendan gehitzeko gomendioa egin du.

Sendagaien Europako Agentziako adituek ez dute argitu tronbosi kasu horien arrazoia zein izan daitekeen, pazienteen adina, generoa edo osasun historia aztertu eta gero. Alabaina, pertsona horien sistema immunitarioaren erantzunaren ondorioa izan litekeela uste dute. Edonola ere, datozen asteetan informazioa biltzen eta ikertzen jarraituko dutela erantsi dute.

Emer Cooke agentziako zuzendariak adierazi du covid-19a "gaixotasun oso arriskutsua" dela eta pandemiaren aurkako borrokan "txerto guztiak, AstraZenecarena barne, oso garrantzitsuak eta eraginkorrak" direla.

"AstraZenecaren txertoaren onurak bigarren mailako ondorioak baino gehiago dira, eta ikerketa zorrotz bat egin ostean, esan dezakegu txertaketarekin lotutako koaguluak ezohikoak direla eta bigarren mailako balizko ondorioen zerrendan gehitu beharko liratekeela", azaldu du.   

Tronbosiak izateko arriskua zerk eragiten duen argitu ezin izan dutenez, Sendagaien Europako Agentziak garrantzitsutzat jo du "herritarrak nahiz osasun arloko langileak jakitun izatea txertoa hartu eta hurrengo bi asteetan koaguluak pairatzea posible dela, baina oso arraroa dela ondorio horiek agertzea".

Orain arte atzeman dituzten kasu gehienetan pazienteak 60 urtetik beherako emakumezkoak izan dira. Agentziaren arabera, 62 tronbosi burukoak izan dira eta 24 zain esplenikoan detektatu dituzte. Pertsona horietatik, 18 hil egin ziren.

Erresuma Batuak beste txerto bat emango die 30 urtetik beherakoei

Bestalde, Sendagaiak eta Osasun Produktuak Arautzeko Erresuma Batuko Agentziak erabaki du AstraZenecarena ez den beste txerto bat eman behar zaiela 30 urtetik beherakoei.

Erresuma Batuan 79 tronbosi kasu detektatu dituzte martxoaren bukaerara bitartean, eta horietako 19 hil egin ziren, BBC telebista kateak gaur jakinarazi duenez.

Sendagaien Europako Agentziaren ildotik, Erresuma Batuko agentziak ondorioztatu du herritar batzuek pairatu dituzten koaguluak AstraZenecaren txertoarekin lotuta egon daitezkeela, baina bigarren mailako ezohiko ondorioak direla azpimarratu, eta txertoa segurua eta eraginkorra dela berretsi dute.

Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundearen txertoen segurtasunerako batzordea ere ondorio berdinera iritsi da: tronbosi kasuak AstraZenecaren txertoarekin lotuta daudela, baina ezohiko albo-ondorioak direla eta txertoa segurua dela.

"Egun daukagun informazioarekin, uste dugu agertu diren tronbosi kasuak txertoarekin lotuta daudela, baina ezin dugu baieztatu. Gehiago ikertu beharra dago lotura hori baieztatzeko eta tronbosiak zeren ondorio diren jakiteko", adierazi du batzordeak arratsalde honetan egindako bileraren ostean.

Sendagaien Europako Agentziak esan bezala, Osasunaren Mundu Erakundeak aitortu du kezkatzeko moduko kasuak direla, baina azpimarratu du "ezohikoak" direla; izan ere, dagoeneko ia 200 milioi pertsonek hartu dute AstraZenecaren txertoa munduan eta oso kasu gutxi detektatu dira.  

BIDEOA | Adituen iritziak, AstraZenecaren txertoaren harira

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena