Gizartea -

AstraZeneca txertoa

EBk jarrera koordinatua eskatu du AstraZenecaren inguruan

Europako Batzordeko Osasun ministroen bilera akordiorik gabe amaitu da eta txertoaren eraginari buruzko ikerketa gehiago eskatu dituzte.

AstraZeneca txertoaren kutxa bat. Argazkia: EFE
AstraZeneca txertoaren kutxa bat
AstraZeneca txertoaren kutxa bat. Argazkia: EFE

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak AstraZenecari buruzko jarrera "ahalik eta koordinatuena" bilatzeko eskatu die Europar Batasuneko hogeita zazpi kideei; Osasun ministroek hainbat interpretazio egin dituzte asteazken honetan egindako bileran eta txertoaren eraginari buruzko ikerketa gehiago eskatu dituzte.

Hala, Europako Batzordeak erantzun "ahalik eta koordinatuena" emateko eskatu arren, AstraZenecaren erabileraren inguruan ez dute jarrera bateratua lortu.

Blokeko Osasun ministroak bideokonferentzia bidez bildu dira Sendagaien Europako Agentziaren ondorioak aztertzeko, AstraZenecak ezohiko tronboen kasuekin duen "balizko lotura" berretsi baitu, baina txertoaren onurei buruzko iritzi positiboa mantendu du.

Bileran, "EBko estatu kideek ondorioei buruzko interpretazio ezberdinak partekatu dituzte", Europar Batasuneko presidenteak jakitera eman duenez.

Portugalek eta Batzordeak eskatzen zuten erantzun "koordinatua" lortzea ezinezkoa izan da, izan ere, "ahots bakarra" lortzen ez bada, herritarrak "nahasteko" arriskuei buruz ohartarazi dio Europako Batzordeari.

"Europan jarrera koordinatua izatea ezinbestekoa da. Jarrera horrek ez ditu herritarrak nahasten eta ez du txertoaren inguruko zalantzarik elikatzen, zientzian oinarrituta baitago", eskatu du Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak.

Talde zehatzei egindako azterketak

EBko herrialdeak, ostera, ados jarri dira AstraZenecaren txertoak adin talde zehatzetan dituen eraginei buruzko ikerketa gehiago eskatzerakoan.

Sendagaien Europako Agentziako adituek ez dute argitu tronbosi kasu horien arrazoia zein izan daitekeen, gaixoen adina, sexua edota osasun historia aztertu eta gero. Alabaina, pertsona horien sistema immunitarioaren erantzunaren ondorioa izan litekeela uste dute. Edonola ere, datozen asteetan informazioa biltzen eta ikertzen jarraituko dutela erantsi dute.

Hori dela eta, 27 herrialdeek azterketa berriak eskatu dituzte esku artean informazio gehiago izateko.

Hainbat herrialdek AstraZenecaren erabilera mugatu dute

Jarrera bateraturik lortu ezinda, AstraZenecaren txertoaren erabilera mugatzea erabaki dute hainbat herrialdek.

Italiak, esaterako, AstraZenecaren "lehentasunezko erabilera" 60 urtetik gorakoentzat gomendatu du.

Belgikak are gehiago mugatu du txertoa, eta 55 urtetik gorakoei soilik jarriko die datozen lau asteetan.

Frantzian, momentuz, 55 urtetik gorakoei jartzen jarraituko dute.

Alemaniak aurretik erabakia zuen txerto hori 60 urtetik beherakoei ez jartzea.

Bestalde, Erresuma Batuak 30 urtetik beherakoei AstraZeneca ez jartzea agindu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Osakidetza Europar Batasuna Europa Belgika argazkiak Erresuma Batua Alemania Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Italiako berriak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea Frantzia albisteak