Gizartea -
ITZULIA
Ertzaintzak dispositibo zabala aurreikusi du biharko, Itzuliaren bosgarren etaparako
Segurtasun Sailak trafikoak jasan ditzakeen aldaketez informazioa noiznahi emango die herritarrei; halaber, dei egin die zaleei lasterketa etxetik jarraitzeko.
O. P. | EITB MEDIA
Ertzaintzak dispositibo handia zabaltzea aurreikusi du biharko, ostirala, Hondarribia eta Ondarroa artean egingo den Itzuliaren bosgarren etapari lagundu eta segurtasuna bermatzeko.
Ertzaintzaren Trafikoko unitateak, Brigada Mugikorra eta Zaintza eta Erreskate Unitatea eta lasterketak zeharkatuko dituen udalerrietako ertzain-etxe guztietako agenteak eta udaltzainak aktibatuko dira.
Lasterketa 13:30ak inguruan hasiko da Hondarribian eta aurreikusten denez, txirrindulariak 17:20 eta 17:40ak bitartean iritsiko dira Ondarroako helmugara; tartean Errenteria, Pasaia, Donostia, Orio, Zarautz, Zumaia, Itziar, Deba, Mutriku, Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein, Etxebarria, Elgoibar eta Mendarotik pasako dira.
Segurtasun Sailak gogorarazi du trafikoak jasango dituen aldaketen eta Itzuliaren iragate-orduen inguruko informazio guztia eskura izango dutela herritarrek webgunearen, aplikazioen eta Twitterreko kontu ofizialaren bitartez, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko 011 telefono zenbakian ere, egunean 24 orduz zabalik dagoena.
Era beran, gidariei bide-mozketa eta aldaketen berri euskal errepideen sarean kokatuta dauden informazio panelen bitartez emango diela adierazi du.
Etxetik jarraitzeko eskaera
Ertzaintzak nahiz lasterketaren antolakuntzak dei egin die zaleei lasterketa etxetik jarrai dezaten, jende pilaketak saihestu eta covid-19ari aurre egiteko neurriak errespetatzeko hala.