Gizartea -
Tiroketa
Gizon batek bikotekide ohiari eta ertzain bati tiro egin die Donostian
Erasotzaileak aurrekariak ditu eta atxilotu egin dute, etxean ordu batzuk giltzapetuta egon ostean. Ertzainari lau orduko ebakuntza egin diote, eta bost litroko odol-transfusioa.
Erredakzioa
Gizonezko batek emazte ohiari eta ertzain bati tiro egin die goizalde honetan Donostian. Erasotzailea, 48 urtekoa, etxean giltzapetu da zenbait orduz eta Ertzaintzaren operazio talde bat beharrezkoa izan da atxiloketa gauzatzeko.
02:10ean emakumezko batek Ertzaintza deitu du, haren bikotekide ohia oso urduri zegoela eta Donostiako Plazaburu kaleko etxebizitzan armak zituela salatzeko. Ertzaintzako patruila bat bertaratu da eta gizonezkoak agenteen aurka tiro egin du. Horren ondorioz, emazte ohia eta ertzain bat zauritu ditu. Erasotzaileak aurrekariak ditu.
Bi zaurituak Donostiako Ospitalera eraman dituzte. Emakumezkoak zauri arinak zituen; ertzaina oso larri dago, lau orduko ebakuntza egin diote eta bost litroko odol transfusioa egin diote.
Medikuen arabera, hurrengo 24 eta 48 orduak erabakigarriak izango dira bere osasunak onera egiten duen ala ez jakiteko. Ertzaina Ixai P.H. da, 29 urtekoa; Gasteizen bizi da eta Ertzaintzaren 22 promoziokoa da.