Publizitatea
Itxi

2021/04/10

09:24

Gizartea

ELKARTASUNA

Zaporeak taldeak esnea bilduko du Lesbosko errefuxiatuentzat, gaur Nafarroan

EITB MEDIA

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak eta Foru Gobernuak Nafarroan 20 bat bilketa-gune izango dituen ekimenean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

  • Kara Tepe errefuxiatugunea, Lesbos uhartea (Grezia)

    Kara Tepe errefuxiatugunea, Lesbos uhartea (Grezia). Argazkia: Zaporeak GKE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) —janariarekin laguntzen die Greziako errefuxiatuguneetan daudenei– Nafarroako herritarrei elkartasuna erakusteko deia egin die, larunbat honetan, apirilaren 10ean, esnea biltzeko kanpaina batean parte har dezaten. Kanpaina horren bidez, errefuxiatuei (% 35 adin txikikoak dira) lagunduko diete; izan ere, aurtengo egoera bereziki gogorra da neguagatik eta covid-19agatik.

Keinu horren lehen adibide gisa, Foru Gobernuak Nafarroako 5.000 esne-kaxa emango ditu, Greziako Lesbos uhartean dagoen Kara Tepe errefuxiatugunera bideratuta. Bertan, 7.200 pertsona daude, Europak bere jatorrizko herrialdeetatik ihes egiteko irtenbide bat emateko zain. Ekarpen horrekin, "Nafarroako herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatu" nahi ditu Gobernuak.

Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek azaldu duenez, bertan bizi diren pertsonak "oso baldintza gogorretan daude, eta gabezia handiak dituzte: ura falta dute, eta elikagaiak ere bai. Egoera larria da, muturrekoa, eta, gainera, hotzak eta covid-19ak larriagotu egin dute".

"Jakin badakigu esne bilketa honetatik ez dela aldatuko une honetan Kara Tepe eremuan bizi diren 7.200 pertsonen egoera zaila, baina espero dugu kanpaina honek, errefuxiatuen elikagai eskasia eta gabezia arintzeko ez ezik, begirada humanitarioa eta begirada solidarioa eskatzen duen arazo batean arreta jartzeko ere balio izatea", azpimarratu du.

Fermin Artola bilketa kanpainaren arduradunak gogorarazi duenez, GKEak (batez ere euskal eta nafar ekintzaileez hornitzen dena) egunero 2.000 janari anoa banatzen ditu Lesbosko errefuxiatugunean, eta kanpaina honekin fruta eta esnea gehitu nahi dizkio. Ekimenak 55.000 litro esne bildu ditu orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan.

Javier Ruiz Zaporeak elkarteko Nafarroako arduradunaren arabera, gaur egun 2.000 janari anoa banatzen dituzte egunero, batez ere errefuxiaturik ahulenei, hala nola haurdun dauden edo erditu berri diren emakumeei, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei eta haurrei (guztien % 35), hezkuntzarik jasotzen ez dutenak.

Kontseilariak "hitzordu solidarioan parte hartzeko" deia egin du. "Gainera, gureak ematen baditugu, tokiko produktuak, nafarrak eta zero kilometrokoak, gure abeltzainekin eta gure lurraldearekin konprometitutako ekimen bat bultzatuko dugu", adierazi du.

Bilketa-guneak

Esnea (ahal dela, osoa eta tetrabriketan ontziratuta, iraungitze-epe nahikoa izateko) larunbatean bilduko dute Nafarroan, hogei bat puntutan. Iruñean, BMren hiru supermerkatutan jasoko dituzte dohaintzak (Donibane, Iturrama eta II. Zabalgunekoetan), bai eta Arrotxapea auzoan Zaporeak elkarteak duen lokalean ere. Nafarroako gainerako tokietan, honako herri hauetako hainbat supermerkatu eta establezimendu publikotan egingo da bilketa: Altsasu, Antsoain, Bakaiku, Barasoain, Tafalla, Uharte, Andosilla, Arbizu, Azagra, Lizarra, Etxauri, Mendabia, San Adrian, Sartaguda eta Ziordia.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena