Gizartea -

KORONABIRUSA

Estatuko covid-19 intzidentzia datu okerrenetarikoak dituzte EAEk eta Nafarroak

Ceuta eta Melillaren ostean, Nafarroa, Euskadi eta Madril dira 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia zifra okerrena duten erkidegoak.

Bi emakume, maskara jantzita, kaletik paseoan. Argazkia: EFE
Bi emakume, maskara jantzita, kaletik paseoan.
Bi emakume, maskara jantzita, kaletik paseoan. Argazkia: EFE

E. J.| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19an 56.118 kutsatze berri izan dira apirilaren 1etik, Aste Santua hasi zenetik, Espainiako Estatuan, eta 14 eguneko intzidentzia metatua 27,3 puntu igo da epe horretan. Hala, Espainiako Osasun Ministerioak ostiral honetan emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 182 kasukoa zen batezbesteko intzidentzia atzo. Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak nabarmen gainditzen dute adierazle hori.

Intzidentzia metatua 394,5koa da Nafarroan, Estatu osoko hirugarren altuena. Datu horien arabera, Ceuta (465) eta Melilla (494) daude aurretik, eta Madril (324,3) zein Euskal Autonomia Erkidegoa (295,3) atzetik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eguneroko buletinean 371,96 intzidentzia metatua erakusten zuen atzo EAEn, eta, beraz, datua are okerragoa izango litzateke iturri hori kontuan hartuta.

Beste muturrean, egoera hoberenean, Valentziako Erkidegoa legoke, 34,9 kasurekin, "normaltasun berrirako" ezarrita dauden 50 kasu baino gutxiagorekin. 50 eta 150 artean daude, berriz, Balear Uharteak, Kanariak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Murtzia eta Galizia.

Ospitaleetako datuei dagokienez, 2.050 gaixo zeuden ostiral honetan Estatuko zaintza intentsiboetako unitateetan.

Ospitaleetako okupazioa % 7,4koa da, batez beste, Estatuan, eta ZIUetako okupazioa % 20,4koa. Euskal Autonomia Erkidegoa % 23koa da ZIUetako okupazioa, eta Nafarroa % 22,6koa, "arrisku ertaineko" egoeran daude beraz. "Muturreko arriskuan" (ZIUak % 25etik gora covid gaixoz okupatuta) hiru lurralde daude: Katalunia ( % 39,6), Madril ( % 39,2) eta Errioxa ( % 37,7).

Guztira, 76.328 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea