Gizartea -
Emakume bat ere, zaurituta
Donostiako tiroketan zauritu zuten ertzaina larri baina egonkor dago
Herrizaingo sailburuak iragarri duenez, sail hau salatzailea izango da emazte ohiari eta agente bati tiro egin zien gizonezkoaren aurkako auzian.
Erredakzioa
Larunbat honetan Donostian zauritu zuten ertzainak larri baina egonkor jarraitzen du, gizonezko batek escopeta batekin tiro egin ostean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Halaber, Rodolfo Ares sailburuak iragarri duenez, Herrizaingo Saila salatzaile izango da Donostiako gertaeraren auzian. Aresen hitzetan, "legea bere azken muturrera arte aplikatzea" izango da Herrizaingo Sailaren helburua.
Aresek eta Miguel Buen Segurtasun sailburuordea Donostiako Ospitalean izan dira zauritutako ertzainari bisita egiten. Agentea Ixa P.H. da, 29 urtekoa; Gasteizen bizi da eta Ertzaintzaren XXII. promoziokoa da.
Gertaera 02:30ean izan da. Ordu horretan, Herrizaingo sailak emakume baten deia jaso du, 48 urteko bikote ohia etxebizitzan giltzapetuta zegoela esateko. Etxebizitza Loiola auziko Plazaburu kalean zegoen. Gizonak eskopeta bat zuen eta eraikineko bizilagun bati tiro egiteko asmoa agertu omen zuen.
Donostiako Udalaren komunikatua
Donostia hiriko udal-gobernuak (Bildu) gertatutakoa deitoratu du eta zaurituak "ahalik eta lasterren osatzeko" desiatu eta elkartasuna agertu die.
Komunikatu baten bidez, hiriko Exekutiboak salatu egin ditu Loiolako "gertaera larriak" eta jazotakoak emakumeen aurkako indarkeria "estrukturala dela" frogatzen duela gaineratu du, "eta denon artean baztertu behar dugu".