Gizartea -
GIPUZKOA
Donostiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat dira gaurtik hilaren 25era
Donostiako Udalak eta Egia auzoko hainbat eragilek 'Egia Pausoz Pauso' ekimena abiatu dute, oinezkoentzako espazio atseginak sortzeko asmoz.
EITB MEDIA
Donostiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat dira gaurtik (apirilak 12) hilaren 25era. Gipuzkoako Hiriburuko Udalak eta Egia auzoko hainbat eragilek 'Egia pausoz Pauso' ekimena jarri dute martxan, auzoko oinezkoentzako lekua berreskuratzen laguntzeko. Horretarako, auzotarrentzat oinezkoentzako espazio atseginak egitea eta horri buruz hausnartzea proposatu dute.
Maria Jesus Idoeta Donostiako Udaleko Auzoetako zinegotziak adierazi duenez, "proposamen honen ardatz nagusia Egia auzoan oinezkoentzako guneen beharra da, aspalditik auzoak egiten duen eskaera, eta bat dator Udalak oinezkoari eta bizikletari garrantzia ematen dion hiria bultzatzeko egiten duen apustuarekin".
Idoetaren arabera, "irisgarritasun konplexua duen auzoa da Egia, malda asko eta oinezkoentzako gune murriztuak dituelako". Hori dela eta, Egia Bizirik auzo elkarteak oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko ekimena jarri zuen abian, auzoko hainbat elkarterekin eta hainbat eragilerekin landua, 'Egia Pausoz Pauso' proiektuari forma eman arte.
Gaurtik apirilaren 25era arte, ezingo da Tejeria eta San Kristobal kaleetan kotxez ibili edo aparkatu, honako kasu hauetan izan ezik: 2-3 eremuko bertako ibilgailuak, 20:00etatik 08:00etara, Tejeria kalean; zamalanak, 08:00etatik 13:30era, San Kristobal kaleko zamalanetarako eremuan eta 06:00etatik 16:00etara Correosen; jardueretako ibilgailu baimenduak; garaje partikularren jabeen joan-etorria; eta mugikortasun murriztua duten pertsonei erreserbatutako aparkalekuak.
Ekimenak irauten duen bi asteetan bizilagunei aparkatzea errazteko, Konkorrenea kaleko goialdeko aparkalekua 2-3 eremuko bertakoek soilik erabili ahal dute. Karmengo Andre Maria kaleko motoen aparkalekua erabili ahal da, motoen sarrera-irteera kale horretatik eginez.