Gizartea -

Arabako aldean

Gorbean sei orduz galduta egon den mendizalea erreskatatu dute

Urteko lehen elurteek erreskatea zaildu dute; izan ere, leku batzuetan, elur-geruza metro batekoa da. Haizeteak ere egoera gehiago okertu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdietako zerbitzuetako kideek mendizale bat erreskatatu dute Gorbean. Mendizaleak sei ordu igaro ditu galduta eta erreskate taldekoek elurteak eta haitzeteak jarritako oztopoei aurre egin behar izan diete.

45 urteko mendizalea 18:00ak aldera aurkitu dute, hotzak jota baina onik, Herrizaingo Sailak ohar baten bidez aditzera emandakoaren arabera.

Eguerdia iristear zela, mendizale talde batek SOS Deiakera deitu du taldekide bat galduta zebilela esateko. Laguna Gorbeara igotzen zeudela galdu dute, Arabako aldean, Zigoitia udalerrian.

Larrialdietako Atentziorako teknikari batek eta Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak oinez hasi dute mendizalearen bilaketa, berarekin telefonoz hitz egiten ari ziren bitartean. Ondoren, basozain batek eta Gurutze Gorriko eta Euskal Mendi Federazioko kide batzuek erreskate taldearekin bat egin dute.

Elurrak erreskatea zaildu du

Mendizalearen erreskate lanek urteko lehen elurteekin topo egin dute. Zenbait lekutan, elur-geruza metro batekoa da. Horrek eta haizeteak erreskate taldearen ahaleginak zaildu dituzte.

Azkenik, bilaketa hasi eta sei ordura, mendizalea aurkitu eta Muruaraino oinez lagundu dute. Bertan, anbulantzia bat zuen bere zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea