Gizartea -
Elkarrizketa
Quintas: "Bi aste daramatzagu 70.000 dosi jasotzen; maiatzean gehiago izango dira"
Osasun sailburuordeak "lasai" egoteko esan die hitzordua hartzeko zailtasunak izan dituztenei: "Jende guztia txertatuko dugu".
O. V. | EITB Media
Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak garrantzia kendu dio Janssenen banaketa atzeratu izanari, izan ere, horren ustez, "ez dio bereziki eragingo Euskadiren txertaketa planari", heldu behar zen Johnson & Johnson farmazia-etxearen gertakin kopurua "oso txikia" zelako. "Hornikuntzaren zatirik handiena Pfizerrekin dugu, bi aste daramatzagu 70.000 dosi jasotzen astero, eta maiatzean gehiago espero ditugu", azaldu du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Quintasek aitortu du halako geldialdiek ziurgabetasuna sortzen dutela herritarren artean, baina Europako Sendagaien Agentziak "beti esan du horrek ez diola eragiten arrisku/abantailen balantzeari".
AstraZenecaren txertoaren lehen dosia jasota duten herritarrekin zer gertatuko den galdetuta, Quintasek adierazi du oraindik "itxaron" egin behar dela, baina badagoela horretarako denbora: "Maiatzaren 10era arte ez genuke bigarren dosiekin hasi behar". Erabakia hartzeko nazioarteko erakundeen ebazpena hartuko dute oinarri, eta hiru aukera omen daude: "Lehena, AstraZenecarekin immunizatzea bigarren dosian ere; bigarrena, dosi bakarrarekin uztea jendea Erresuma Batuak egin duen bezala, babeste maila nahikoa handia delako, eta hirugarren aukera, beste txerto bat jartzea litzateke".
Osasun sailburuordearen hitzetan, Euskadiren txertaketa erritmoak "gurutzaldi-abiadura harrapatu du adin tarteka babestuta logistika eta antolaketa askoz errazagoa delako, eta gainera, txerto gehiago ditugulako". Erantsi duenez, "Euskadin zorrotzak izan gara Pfizer eta Moderna txertoen bigarren dosiak gordetzen eta horrek eragina izan du".
Pfizerrekin gertatzen ez den bezala, AstraZenecaren hornikuntza "irregularra" da, eta Janssenenak berarenak "oso txikia" izan behar zuen hasieran, "uda amaierara arte ez genituen bidalketa masiboak espero", argitu du Quintasek.
Azkenik, 80 urte beherako batzuek immunizatzeko hitzordua hartzeko izan dituzten zailtasunak hizpide, Quintasek esan du nagusiagoekin telefono bidez eman dutela zita, baina gazteagokoekin ez dutela horren beharrik ikusi eta SMS bidez egin dute. Herritarrei "lasai" egoteko eskatu die, "jende guztia" txertatuko dute eta. Gainera, hitzordua internet bidez hartzeko deia egin du, ez osasun zentroetara joanda, eta behin zita edukita, orduko joatea, ez lehenago, "hala ilarak saihestuko ditugu", azaldu du.
Erredakzioan itzulita