Gizartea -
GIPUZKOA
Delituak % 11 jaitsi ziren 2020an, Donostian
Bestalde, iruzurragatik jarritako salaketak % 120 igo dira, 875etik 1932ra.
O. A. | EITB MEDIA
Iaz, % 11,33 egin zuten behera delituek Donostian, aurreko urtearekin alderatuta, pandemiagatik bereziki. 2019an 12.000 arau-hauste penal zenbatu zituzten eta iragan urtean, berriz, 10.640. Hala ere, iruzurragatik jarritako salaketak 875etik 1932ra igo dira (% 120 gehiago).
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak beherakada antzeman dute pertsonen aurkako delituetan eta ondarearen aurkakoetan. Aitzitik, gorakada izan da iruzurrengatik jarritako salaketetan.
Pertsonen aurkako delitu gisa sailkatzen diren horien dagokienez, tratu txarrak eta familia barruko indarkeria kasuak % 5,4 jaitsi dira. Bestalde, sexu askatasunaren aurkako delituak eta eraso fisikoak modu nabarmenagoan jaitsi dira, % 33,61 eta % 32,95, hurrenez hurren.
Ondarearen aurkako delituei lotuta, indarkeriaz egindako lapurretak % 34,82 jaitsi dira 2019arekin alderatuta. Ebasketa delituek ere jaitsiera nabarmena izan dute: 4821tik 3155era (% 34,56). Etxeetako eranskinetako edo trastelekuetako lapurretek, aldiz, gora egin dute, gertakari horiengatik jarritako salaketak 175etik 252ra igo baitira.
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituetan, bilakaera desberdina izan da. 83 eginbide ireki dituzte, 30 gehiago, droga trafikoagatik. Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik, berriz, salaketa gutxiago jarri dituzte (% 28,42 gutxiago).