Gizartea -
Biktima ito zuen
16 urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bat hiltzeagatik, Bilbon
Epaimahakideen arabera, egiaztatuta geratu da akusatuak 58 urteko gizonezko bati buruan kolpe bat eman ziola eta ondoren, ito egin zuela. Krimena Bilbon jazo zen, 2009. urtean.
Erredakzioa
Bizkaiko Auzitegi Probintzialaren Lehenengo Sekzioak 16 urteko espetxe zigorra ezarri dio 2009. urtean 58 urteko gizonezko bat hil zuen gazteari. Krimena Bilbon jazo zen eta epaimahakideen arabera, epaiketan egiaztatuta geratu da akusatuak biktimaren etxera sartzeko gonbidapena onartu zuela eta barnean zegoela, gizonezkoari buruan kolpe bat eman ziola eta ondoren ito zuela.
Halaber, epaiaren arabera, Y.B. auzipetuak 150.000 euro ordaindu behar izango dizkio biktimaren familiari.
Bizkaiko epaitegi horrek uste duenez, 2009ko ekainaren 26a eta 28a bitartean, Espainian legez kanpoko egoeran dagoen kondenatua biktimarekin haren etxera sartu zen eta, bertan, "zehaztu gabeko arrazoiengatik" armairuaren aurka bultzatu eta buruan jo zuen. Ondoren, "zorabioa aprobetxatuz", kondenatua biktimaren gainean jarri zen, belaunak sorbalden gainean jarri zizkion eta "ito egin zuen".
Hatz-markek auzipetua biktimaren etxean zegoela frogatu zuten eta, gainera, etxebizitzako leihoan erretzen ikusi zuela adierazi du bizilagun batek.
Auzipetuak egindako "adierazpen inkoherenteak" entzun ostean, eztabaida izan ondoren etxetik alde egin zuenean biktima bizirik egon izana ukatu du epaimahaiak.