Gizartea -
Unibertsitate plan berria
Jaurlaritzak BPGren % 1,18 bideratu du goi-mailako hezkuntzara
Isabel Celaak 2011-2014ko unibertsitate planaren inguruan agerraldia egin du Legebiltzarrean eta helburua, besteak beste, "gure zientzia sistema nazioarteko bihurtzea" dela erantsi du.
Erredakzioa
Isabel Celaa Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2011-2014ko unibertsitate-plan berriaren ildo nagusiak ezagutzera emateko agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean. Jakinarazi duenez, urtea oraindik amaitu gabe dagoen arren, Jaurlaritzak EAEko Barne Produktu Gordinaren % 1,18 erabili du plana garatzeko. 2010ean berriz, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %0,97 gastatu zen arlo honetan.
Celaak agerraldian azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "apustu ukiezina" egin du goi-mailako hezkuntzaren alde eta, bereziki, ikerketaren alde. "Plan honek gure zientzia sistema nazioarteko bihurtzea eta argitalpen zientifikoen gehikuntza eta hobekuntza bilatzen du. Ikerketari ematen diogun bultzadaren eredu argia da", esan du.
Hezkuntza Sailak ikerketa sustatzeko diru-kopurua handitu du azken urteotan. Horrela, 2009tik %37 igo da aurrekontuetako diru-kopurua ikerketan eta transferentzian, 44,6 milioitik, 61,1 milioira, hain zuzen ere. Bigarren atalak -ezagutzaren transferentziak- aipamen berezia merezi du, gaur egun euskal unibertsitate publikoko bost irakasletik bat baino gehiagok enpresa-munduarekin harreman zuzenean lan egiten baitu.
2011-2014 unibertsitate-plan berria Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan onartu zen pasa den ekainaren 7an, euskal erakunde garrantzitsuenekin akordio lana egin ondoren. Euskal unibertsitate kontseiluaren oniritzia du, eta bertan daude euskal unibertsitate guztiak, foru aldundiak eta Eudel, besteak beste. Planaren ildoak Hezkuntza Sailaren helburuekin bat datoz, batez ere ikerketa sustatzeko asmoarekin.
2014rako ezarritako helmugak goi-mailako hezkuntzan gastatutako diru-kopurua BPGaren %1,3ra igotzea da. Gehikuntza hori ikerketa eta transferentzian aurreikusten da, 2011ko BPGaren %37tik 2014ko %0,49ra hain zuzen ere.