Gizartea -
Indarkeria matxista
Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Biarritzen
Horrez gain, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bilkurak deitu ditu datozen egunetarako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
EITB MEDIA
75 urteko emakume baten hilketa matxista salatzeko bilkura egingo dute gaur Biarritzen (Lapurdi), herriko etxearen atarian, 18:00etan. Biarritzekoaz gain, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu ditu datozen egunetarako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Bien bitartean, Frantziako Poliziak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du. Suhiltzaileek emakume baten eta gizon baten gorpuak topatu zituzten atzo goizaldean Agilera auzoko etxebizitza batean. Baionako prokuradorearen arabera, gizonak emakumea hil zuen ehizarako fusil batekin eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Hala, "nahita egindako hilketa"ren hipotesia da mahai gainean dagoena.
Jazotakoa argitze aldera, gorpuei autopsia egingo diete eta eskopeta aztertuko dute. Horrez gain, bikotearen senideak eta bizilagunak galdekatuko dituzte.
Gaurko bilkuraz gain, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak beste lau antolatu ditu datozen egunetarako "Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista" lelopean. Larunbatean, Bilbon (Arriaga plazan) egingo dute 13:30ean; igandean, Gasteizen da hitzordua (Andre Maria Zuriaren plazan), 13:00etan, eta astelehenean beste hainbeste egingo dute Donostian (19:00etan, Boulevardean) eta Iruñean (Udaletxe plazan, 20:00etan).
Aurten Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista da honakoa. Urtarrilaren 1ean Aintzane Pujana hil zuten Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta otsailaren 12an gizon batek emakume bat hil zuen Sestaon (Bizkaia).