Gizartea -
Demografia
Nafarroako 77 herri, husteko arrisku larrian
Herriok Pirinioko, Prepirinioko, Zangozako, Erdialdeko, Estellerriako eta Larraun Leizaldeako eskualdeetako landa eremuetan daude.
EITB Media | Agentziak
Nafarroako herrien laurdena husteko arrisku larrian dago. Hau da, 272tik 77 despopulaziorako bidean daude, hustearen kontrako neurriak hartzeko sortu duten informearen arabera.
Herriok Pirinioko, Prepirinioko, Zangozako, Erdialdeko, Estellerriako eta Larraun Leizaldeako eskualdeetan daude, Lurralde Kohesio sailaren txostenaren arabera. Informean bertan aditzera ematen denaren arabera, despopulatze maila guztiak kontuan hartuta (arrisku larria, bizia, nabarmena, beherakada edo arrisku moderatua) 164 herri daude kinkan.
Aipatutako herri guztiak landa eremuetan daude, landa esparruetan dauden udalerri guztiak arriskuan ez dauden arren. Nafarroako herritarren % 90a huste arriskurik gabeko guneetan bizi da eta % 10a, aldiz, despopulaziorako bidean daudenetan.
Diru laguntzak, bizirauteko
Jesus Mari Rodriguezek, Toki Administrazio eta Despopulazio saileko zuzendari nagusiak, azaldu du laguntzekin hustea etengo duten proposamenak bultzatuko dituztela. Hala, 132 herrik izango dute subentzioa jasotzeko aukera.
Hasteko, 1,2 milioi euro emango dituzte udalak eta kontzejuak hornitzeko eta erronka demografikoari aurre egiteko. Gainera, 500.000 euroko laguntza izango da udalerriek izan ditzaketeen eguneroko gastuei aurre egiteko.
Biztanleriaren zahartzea
Galzorian dauden herrietako zahartze indizea kezkagarria da. Izan ere, talde horretan sartzen diren hainbat gunetan ez dago 16 urtetik beherako herritarrik.
Lurralde Kohesio sailaren esanetan, "beharrezkoa da herrietako oinarrizko zerbitzuak hobetzea eta tokiko erakundeak bultzatzea, horiek baitira herritarrek hurbilen dituzten administrazioak".