Gizartea -
San Tomas 2011
San Tomas egun jendetsua Bilbon eta Donostian, euria egin arren
Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuak azoka erraldoi bihurtu dira, ehunka postuz gozatzeko aukera izan da. Txistorra eta bertako produktuak izan dira, besteak beste, protagonista nagusiak.
Erredakzioa
Bilbo eta Donostia egun handia ospatzen ari dira gaur, San Tomas eguna, eta txistorra pintxoak eta Euskal Herriko produktuak dira azoketan protagonista. Sirimiria ari duen arren, milaka pertsona gerturatzen ari dira azoketara.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Mario Fernandez BBK-ko presidenteak eman diote hasiera aurten, Bilbon, San Tomas eguneko merkatuari. Aurtengo azokan 300 postu jarri dituzte; 218 Areatza inguruan daude, eta beste 72ak Plaza Barrian.
Inaugurazio ekitaldi hori goizeko hamarretan hasi da, Posta kalean, Plaza Barriko sarreran. Gainera, saltzaileek jendetzari zerbitzua inolako etenik gabe eskaini ahal izan diezaioten, sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 26an egingo da aurten, BBK aretoan.
Bilbon, babarrunak 13 eurotan, eusko labeldun eztia 9,5 eurotan eta sagardo eta txakoli botila 4 eurotan saldu dituzte. Aurtengo edizioan, bizkaitarrek gehien kontsumitu duten produktua taloa (txistorrarekin edo txorizoarekin) izan da. "Iazko prezio berean, krisiarekin ezin dugu prezioa igo", esan du talo saltzaile batek.
Goizean goizetik ari dira txistulariak giroa pizten eta, Udalak adierazi duenez, aurreko urteetako 100.000 bisitariak gaindituko ditu azokak aurten. Aurten, gainera, haurtzaindegi zerbitzua izan du lehen aldiz Bilboko ekimenak.
Gainera, gaur Bilboko metroak 24 orduko lanuztea deitu duela kontuan izan behar da.
Donostia
Donostiako San Tomas azokak Leitzako Felixi txerria izan du protagonista eta 55 txistorra eta 15 talo postu jarri dira.
Donostian jende andana inguratu da Konstituzio, Gipuzkoa, Okendo eta Trinitate plazetara eta Boulevard eta Elkano, Txurruka eta San Juan kaleak ere jendez bete dira Eguberrien atariko jai honetan.
Azokan ohiko lehiaketak egongo dira frutei, barazkiei, eztiari eta txorimaloei dagokienez, eta animaliak ere egongo dira ikusgai.
Urtero legez, txerria izango da protagonista Konstituzio plazan eta aurtengoan Leitzako Felixi txerria da aukeratua, 350 inguru kilokoa.