Gizartea -
Memoria Historikoa
Biktimek parte hartuko dute Gasteizko Martxoaren 3ko Memorialaren patronatuan
Udalak azpimarratu du biktimak ez direla izango "proiektutik kanpoko zerbait, baizik eta osagaiak, erakundeekin batera".
agentziak | eitb media
Martxoaren 3ko biktimek "parte-hartze argia eta aktiboa" izango dute Gasteizko San Frantzisko elizan egingo duten Memoriaren Zentroa kudeatzeko patronatuan.
Horixe jakinarazi du Miren Fernandez de Landa Berdintasun eta Bizikidetza zinegotziak udal batzorde batean. Memoria Gara plataformak Martxoaren 3ko Memoriaren Zentroari buruzko txostenak helarazi dizkie alderdi politikoei batzorde horretan.
Fernandez de Landaren esanetan, 1976ko egun hartan poliziak hildako 5 langileen senideak "ez dira proiektutik kanpoko zerbait izango, baizik eta osagaiak, erakundeekin batera". Hori horrela, "patronatuan eta planteamendu museografikoan" parte hartuko dutela bermatu du.
Martxoaren 3ko Biktimen elkarteak eta Memoria Gara plataformak behin eta berriz egindako aldarrikapena zen hori, eta Josu Santamarinak, azken horren eledunak, berriro defendatu du "gizarte zibilak proiektuaren diseinuan parte hartzea".
Santamarinak zentro "dinamiko eta parte-hartzailea" proposatu du, martxoaren 3a oinarri hartuta "langileria eta feminismoa" bezalako gaiak jorratzeko, ikuspuntu eta euskarri desberdinekin.
Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Arabako Elizbarrutiak otsailean adostu zuten Martxoak 3ko Biktimen Memoria Zentroa Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan jartzea.