Gizartea -
Irakurketa
Todos Tus Libros: liburu-denda independenteen gunea
CEGALek sustatutako Todos Tus Libros ekimena egun liburu-denda txikiak babesten dituen web nagusia da, bai eta irakurgai gehien eskaintzen dituena ere.
EITB Media
Todos Tus Libros plataforma 2011. urtean sortu zen CEGALen (Confederación Española de Gremios y Asociaciones de Librerías) eskutik, liburu-denda independenteak babesteko helburuarekin. Hasieran liburuak bilatzeko erreminta soila izan arren, azkenean erabilgarritasun handieneko plataforma bihurtu zen Espainian. Izandako arrakasta dela eta, 2020. urtean salmentarako webgune izatera igaro zen. Egun, 180.000 erabiltzaile eta 800 liburu-denda baino gehiago ditu bazkide.
Ez da liburu-denda independenteei online espazioa eskaintzen dien lehenengo proiektua Europan. Erresuma Batuan eta Frantzian bookshop.org eta lalibrairie.com webguneak daude, baina, Todos Tus Librosen ez bezala, enpresa bultzatzaileak pribatuak dira. “[Todos Tus Libros] Proiektu kolaboratiboa da, hori da garrantzitsuena. Orain ez dago inon liburu-dendak honela laguntzen dituen bestelako proiekturik”, adierazi du Álvaro Manso CEGALeko bozeramaile eta Todos Tus Libroseko liburu-saltzaileak.
Liburu-dendek inongo bitartekorik erabili gabe eskuragarri dituzten liburuak saltzen dituzte. Sinple: liburu-saltzailetik bezerora. “Liburu-saltzaileek saltzen duten modua nahi du izan. Gomendioak daude, liburu-dendek antolatzen dituzten ekintzetara joateko aukera dago, hartu-eman zuzena dago”, azaldu du Mansok. Finean, zerbitzu pertsonal eta espezializatua, gure auzoetako liburu-denda txikietan aurki dezakegunaren antzekoa.
Alvaro Manso, liburu-saltzailea eta CEGALeko bozeramailea. Argazkia: ICAL
Ekintza kulturalak
Liburu-denda independenteek ez dute zerikusirik kate handiekin. Azken horietan, “transakzio soila” baino ez da gertatzen, literaturaren merkantilismo hutsa. Liburu-dendak harago doaz: kontzientzia kulturala sortzen dute. “Liburu-saltzailea ez da soilik liburuak saltzen dituen gizona, preskribatzen duen gizona da, kultura-aztoratzailea. Espazio bat eskaintzen duen norbait izan behar du, ez bakarrik liburuen salmentarako, baizik eta ekintza kulturalak gertatzeko ere”, azaldu du Mansok.
Egungo osasun-egoerak, ordea, bertan behera utzi ditu aurten egin behar ziren ekintza asko. Liburu-aurkezpenak, literatur bilerak eta ipuin kontalariak, adibidez, geldiarazi egin dira covid-19aren aurkako neurriak behar bestekoak ez zirelakoan. Kasu honetan, agintarien arabera, kutsatzeko arriskua handiegia da eta ekidin ezina. Mansoren iritzia argia da: “Suposatzen dut birusarekin kutsatzea dela arriskua, ez ezagutzarekin kutsatzea”.
Ekitaldi batzuek, zorionez, aurrera jarraitu dute. Liburu-dendek antolatutako ekimen guztiak egutegi batean bildu ditu Todos Tus Librosek. Egutegi hau weba bisitatzen duen edonork du eskuragarri. Honako hauek dira laster ospatuko diren ekitaldien adibide: apirilaren 24an, ipuin kontalaria eta Jose Carlos Andresekin liburu sinatzea (Alberti Liburu-denda, Madril), eta maiatzaren 17an, aurrez aurreko irakurketa klubaren saioa Gabriela Ybarrarekin (Café del Libro, Madril).
Galerak
Aldiz, liburu-dendek ezin dute bere horretan jarraitu laguntzarik gabe. Erosleen paperak garrantzi handia du. Liburuak non kontsumitu jakin behar da, espezializatutako tokia aukeratu. Zentzu honetan, Manso ez dago kezkaturik: “Nik uste erosketa zuhur batean profesionala aukeratzen dela ia beti, ez ezer ez dakiena eta biltegi handia duena, liburu bat edo hozkailu bat saltzea berdin diona”.
Mansok eskertzen du konfinamenduan zehar eta konfinamenduaren ondoren izandako babesa. “Irekita egon garenean, eta konfinatuta egon ez garenean, gure bezeroen aldetik jaso dugun erantzuna izugarria izan da”. Beste sektore batzuetan ez bezala, liburu-saltzaileen gremioak espero baino gutxiago galdu du 2020. urtean. Aurreikusitako galerak % 40koak ziren, eta azkeneko datuak askoz hobeak dira, % 10ekoak izan baitira.
Tintas liburu-denda, Bilbo. Argazkia: EITB Media
Konfinamenduaren ondorioak irakurketan
Konfinamenduak, baina, ez ditu ondorio negatiboak soilik ekarri. Kalera ezin irtetearen ondorioz, agian, jendea liburuetan errefuxiatu da. Liburuak Irakurtzeko eta Erosteko Ohituren Barometroaren arabera, 2020. urtean Euskadin % 1,3 hazi zen aisialdian irakurtzen zuten pertsonen kopurua. Estatu mailan, irakurle kopurua % 3 hazi da.
Konfinamenduak ez du aldatu irakurle eta liburu-dendetako ohiko eroslearen profila. CEGALen ikerketa baten arabera, gehien erosten dutenak erosahalmen arrunta duten adin ertaineko emakumeak dira. Gainera, aisialdian irakurtzen duten emakumeen kopurua aisialdian irakurtzen duten gizonena baino handiagoa da; % 10 handiagoa, hain zuzen. Emakumeen % 68,3k maiz irakurtzen dute, eta gizonen % 56k egiten dute.
Literatur generoari dagokionez, ez dago alde handirik, fikzioa nahiago dutelako batzuek eta besteek. “Fikzioa da sektorea mantentzen duena, eta fikzioaren barruan, polizia generoak eta eleberri beltzak urteak daramatzate hor”, Mansoren esanetan. Aldiz, irakurlea adinean aurrera doala, edota irakurketan eboluzionatzen, fikzioa alde batera utzi eta entseguetara hurbiltzen da gehiago.
Harpidetutako liburu-denda: Campus
Jon Azkueta, idazle eta Bilboko Campus Liburu-dendako saltzailea, bat dator Mansorekin, baina irakurketa ohiturak are gehiago zehaztu ditu. “Helduek denetarik irakurtzen dute. Edo dendako leku guztietatik ibiltzen dira. Gazteak, batez ere, eurentzako apalategietara joaten dira. Gazte literaturaren apalategietara”.
Hain zuzen ere, Azkuetaren hitzetan, gero eta gazte gehiagok erosten dute bere liburu-dendan, nahiz eta online merkatuak kontsumo ohiturak aldatu dituen. Horretan ere, gurasoen papera ezinbestekoa dela esan du: “Non moztu edo non erakutsi liburu-dendetara joatea? Ze seme-alabek ikusten badute gurasoek egiten dutena dela Internetetik erosi, haiek ere hori egingo dute”.
Kontrakoa dirudien arren, Azkueta ez da online salmenten aurkakoa, baina kontsumitzeko modu desberdinen arteko elkarbizitza onaren garrantzia azpimarratzen du. Berak nahiago ditu aurrez aurreko gomendio eta salmentak, baina biak bateragarriak direla uste du. “Internet guk ere erabiltzen dugun erreminta da, zuzenean edo zeharka bezeroak lortzeko, adibidez”. Hain zuzen ere, helburu horrekin egin dira Todos Tus Libros plataformako kide.
Campusek bere webgune propioa du (www.libreriatintas.com), baina CEGALen ekimenak eskaintzen dion irismena are handiagoa da; izan ere, Azkuetaren arabera, plataforma honetara harpidetzea eraberritzeko behar zuten pausoa izan da. “Denda bezala, berritzen lagundu digu. Adibidez, sare sozialetan hasi gara. Hortaz, uste dugu aldakuntza bat, eraldaketa bat ematen ari dela, baina oraindik ez dakigu zehazki zein etekin emango dituen, ez daramagulako denbora asko”.
Jon Azkueta, liburu saltzailea eta idazlea. Argazkia: EITB Media
Etorkizunari begira
Liburu-denda eta irakurleen interesa pizteaz gain, horrelako plataforma bat sortu nahi duten herrialdeena ere lortu du Todos Tus Librosek. Horietako batzuek, hain zuzen, inprimaketa-funtsak emango dizkiote espainiar ekimenari. Funts horiek, Mansok azaldu duenez, fisikoki inon ez dauden liburuak inprimatzeko aukera emango dute.
Liburu-dendei dagokienez, CEGALen helburu nagusia komunitate bat eta, aldi berean, irakurleen artean komunikatzeko bide berria sortzea da, Mansoren arabera: “Batek gainerako irakurleekin iritziak partekatu ahal izatea. Ez norbaitek hiru edo lau izartxo jartzea oso ona den liburu bati, baizik eta iritziak partekatu ahal izatea liburua irakurri duten beste batzuekin. Partekatzea, ez irakurtzea”.
Gaur egun oraindik garatzen eta berritzen ari den plataforma bat denez, CEGALek lan handia egin beharko du maila eman eta jarritako helburuak lortzeko. Honetan, Manso itxaropentsu dago. “Lana geratzen zaigu, baina pozgarria. Jendea konturatu da egoteko toki interesgarria dela; izan ere, bertan liburuak eros daitezke, eta liburuen inguruan, musikaz eta beste hainbat gairi buruz hitz egin ere bai”.