Gizartea -
BIZKAIA
Bilbok irabazi du hiriko bide-segurtasunaren Europako saria
Bilbok sari hau irabazteko arrazoi nagusietako bat hirigune osoan abiadura 30 km/h-ra mugatzea izan da.
EITB MEDIA
Bilbo aukeratu dute Europako Batzordeak Mugikortasunaren Europako Astearen barruan urtero ematen duen Hiriko Bide Segurtasuneko Sariaren (European Urban Road Safety Awards) irabazle.
Iragarpena online zeremonia batean egin da, eta bertan izan dira Adina Valean, Europako Garraio komisarioa, eta Matthew Baldwin, Europar Batasuneko Mugikortasuneko eta Garraioko zuzendari nagusiaren albokoa. Saria irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko den 2021eko Mugikortasunaren Europako Astean banatuko da.
EBko Hiriko Bide Segurtasuneko Sariak tokiko agintariek Europako errepideen segurtasuna hobetzeko egindako ekarpena nabarmentzen du, eta bide-segurtasunaren arloan izandako lorpen nabarmen eta berritzaileak saritzen ditu.
Bilbok sari hau irabazteko arrazoi nagusietako bat hirigune osoan abiadura 30 km/h-ra mugatzea izan da. Bizkaiko hiriburua izan da mundu osoan 300.000 biztanletik gorako lehen hiria neurri hori aplikatzen.
Iragarpenaren ostean, Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak eskerrak eman dizkio Europako Batzordeari, eta bilbotar guztiekin partekatu ditu nazioarteko aintzatespen horiek, "ahalegin kolektiborik gabe ezinezkoa izango baitzen Bizkaiko hiriburua hiri mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren munduko erreferente bihurtzea".
Udalaren arabera, abiadura-muga 30 km/h-ra jaistea zeharkako ekintza bat da, eta ibilgailuen trafikoa modu eraginkorrean baretzea eta garraiobide desberdinen bizikidetza sustatzea du helburu, esparru partekatu batean. Jarduketa horrek oinezkoen eta bizikleten zirkulazioaren baldintzak eta segurtasuna hobetzea eta zarata nahiz atmosferara egiten diren emisio kutsagarriak murriztea espero dute, ondorioz, giza osasuna hobetzeko.
Neurri hau beste batzuekin osatzen da, hala nola oinezkoentzako ardatz jarraitu eta seguruak ezartzearekin, eskola-bideak ezartzearekin eta Bilbo osatzen duten auzo guztien erdigunearen inguruan egoteko guneak sortzearekin.
Europako Batzordeak aukeratu dituen beste bi hiri finalistak Heraklion (Grezia) eta Quart de Poblet (Valentzia) izan dira.