Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

EAEko Auzitegi Nagusiak zigorra berretsi dio Lantaronen emaztea hil zuen gizonari

2017ko urrian Lantaronen emaztea hil zuen gizonari Arabako Probintzia Auzitegiak ezarri zion 21 urteko kartzela-zigorra berretsi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Lantaronen emaztea hil zuen gizona. Artxiboko argazkia: EFE
Lantaronen emaztea hil zuen gizona
Lantaronen emaztea hil zuen gizona. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak oso-osorik berretsi du Arabako Lurralde Auzitegiak 2017ko urrian Lantaronen emaztea hil zuen gizonari ezarritako 21 urteko kartzela-zigorra.

Epaiketa 2020ko abenduan egin zen Arabako Probintzia Auzitegian, herri-epaimahaiarekin. Hilketaren errudun jo zuten, maltzurkeria eta astungarriak aintzat hartuta. Hala ere, ankerkeria baztertu zuten. Gizonak hilketa onartu eta barkamena eskatu zuen.

Kartzela-zigorraz gain, Arabako Lurralde Auzitegiak kalte-ordainak ematera kondenatu zuen gizona. 120.000 euro ordaindu beharko dio seme-alaba bakoitzari, 20.000 euro biktimaren hiru anai-arrebei. Gainera, seme txikiaren guraso-ahala kendu zion.

Epaiaren arabera, familiaren etxean izandako eztabaida baten ostean, kondenatuak Ana Belen emaztea "hiltzeko asmoz" eraso zuen, "ustekabean, buruaren atzealdean kolpatuz", objektu sendo batekin edo batzuekin, besteak beste, etxeko erregistroan agenteei erakutsi zien mailu batekin.

Emakumea lurrera erori zenean buruan kolpeak ematen jarraitu zuen erasotzaileak. Guztira, 12 zauri eragin zizkion buruan, heriotza eragin arte.

Epaimahaiaren arabera, frogatuta geratu zen "bizikidetzako azken aldian larriagotu zen jarrera kontrolatzailea" zuela gizonak emakumearekin. "Berea zela" uste zuen eta ez zuen onartzen beste pertsona batekin harremana hasi izana eta "banantzeko erabaki irmoa" izatea.

Gizonaren defentsak helegitea aurkeztu zuen epaiaren aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Azken horrek defentsaren argudio guztiak baztertu ditu eta goitik behera berretsi du Arabako Lurralde Auzitegiak ezarritako zigorra. Hala ere, kasazio helegitea aurkezteko aukera du oraindik Auzitegi Gorenean.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba EAE Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Mundu matxista EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak Gaubea gaur