Itxi

2021/04/23

16:51

Gizartea

AstraZenecaren txertoa

AstraZenecaren bigarren dosia ematea beharrezkoa dela ebatzi du Europako Agentziak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Sendagaien Europako Agentziak berretsi egin du AstraZenecaren txertoa segurua eta eraginkorra dela. Hala, berriro esan du lehenabiziko dosia jaso dutenei bigarrena eman behar zaiela.

1:39
EMA
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sendagaien Europako Agentziak berretsi egin du AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia hartzea ezinbestekoa dela, lehendabizikoa hartu eta lau edo 12 asteko epean, hain zuzen ere.

Agentziak aukera ezberdinak aztertu ditu: bigarren dosia ez ematea; ARNm motako beste txerto bat jartzea, Pfizer-BioNTech konpainiarena, esaterako; edo bigarren dosia emateko epea hiru hilabetetik aurrera luzatzea. Alabaina, orain arteko gomendioa aldatzeko arrazoi zientifikorik ez dagoela azpimarratu du.

AstraZenecaren txertoa hartu duten milioika herritarren artean zenbait tronbosi kasu izan badira ere, Sendagaien Europako Agentziak enegarrenez baieztatu du segurua eta eraginkorra dela, ospitaleratzeak eta heriotzak ekiditen dituelako. Eta hainbat datu eman ditu hala dela erakusteko.

80 urtetik gorako pertsonen artean eta 100.000 biztanleko, 1.239 adineko ospitaleratzea eta 110 zainketa intentsiboetako unitatera eramatea saihestu da, lehendabiziko dosia hartuta. Halaber, kolektibo horretan 0,4 tronbosi kasu baino ez dira izan.

40 eta 49 urte bitartean antzeman dituzte tronbosi kasu gehienak (2,1) lehen dosia eman eta gero. Bada, adin tarte horretan eta 100.000 biztanleko 122 pertsona erietxera eramatea eta beste 15 zainketa intentsiboetako unitateetan ingresatzea ekin da.

Gauzak horrela, Agentziak berriro ebatzi du AstraZenecaren txertoa eraginkorra dela covid-19ari aurre egiteko, ospitaleratzeak eta heriotzak saihesten dituelako, eta berriz nabarmendu du tronbosiak "ezohikoak" direla –kasu bat, txertoa hartu duten 100.000 laguneko- eta ohiko albo-ondorioak arinak izaten direla eta egun gutxitan desagertzen direla.  

Amaitzeko, gogoratu du erakunde horren lehentasuna baimendutako txerto guztiak seguruak direla bermatzea dela eta, ondorioz, ziurtatu du datu berriak agertu ahala ikertzen jarraituko dutela.  

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;