Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea aztertuko du gaur

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu duenez, premiazkoak ez diren ebakuntza guztiak atzeratzea pentsatzen ari da Osakidetza.

Donostiako Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzua. Argazkia: EFE.
Donostiako Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzua.
Premiazkoak ez diren ebakuntzak ''atzeratzea'' aztertzen ari direla onartu du Sagarduik

0:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren ondorioz ospitaleek bizi duten egoera ikusita, 4. agertokirako prestatzen hastea aztertuko du Osakidetzak gaur; horrek, besteak beste, premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea eragin dezake. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehen honetan baieztatu duenez, premiazkoak ez diren operazioak atzeratzea pentsatzen ari da Osakidetza.

Gotzone Sagarduik Herri Irratian esan duenez, "pandemiaren tasa oso altua da lurralde osoan". Positibotasuna "apur bat jaitsi" izanagatik ere kutsatzeen egoerak "kezkagarria" izaten jarraitzen duela adierazi du.

Haren esanetan, datozen egunetako bilakaera zein den ikusi beharko da hazkundearen kurba apaltzen ari ote den ikusteko, "baina oraingoz kutsatzeen kopuruak handia izaten jarraitzen du".

Kutsatze maila horrek "sistema osoa tentsionatzen du, lehen arretatik hasita, kontsultak ugaritzen direlako, ZIUetaraino".

"Ditugun datuekin eta asteburu honetako ospitaleratze kopuruarekin litekeena da lehentasunak ezartzen hasi behar izatea eta premiazkoa ez diren ebakuntzak atzeratzea", gaineratu du Sagarduik.

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, ospitale sareko erakundeei agertokia prestatzen hasteko agindua eman diete dagoeneko, covid-19aren lehen olatuan gertatu bezala.

Neurri horrekin, ZIUetan artatzeko toki eta osasun langile gehiago izatea nahi dute agintariek, azken egunetan okupazioak gora egin ondoren. Apirilaren 23ko datuen arabera, EAEko ospitaleetako ZIUetako okupazioa 2020ko apirilean izandakoaren antzekoa da. Une honetan, 186 paziente larri daude ZIUetan eta 114 ospitaleetako logeletan.

Gaur, apirilak 26, astelehena, ospitaleetako egoera aztertuko du Osakidetzak, eta horietan dagoen presioaren arabera, ebakuntzen programazioaren inguruko erabakiak hartuko dituzte. Dena dela, EAEko osasun zerbitzutik zehaztu dutenez, premiazko ebakuntzei eta onkologikoei bere horretan eutsiko diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea