Gizartea -
Polemika
'Jarduera arriskutsuek' eragindako erreskateak kobratuko dituzte EAEn
PSEren eta PPren botoekin onartutako lege polemiko horren helburua urpekaritza, eskalada edota espeleologia bezalako kirolak praktikatzen dituztenek seguruak kontratatzea da.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Tasen Legea aldatzea onartu du eta, ondorioz, "arriskutsutzat" jotzen diren jarduerengatik egindako erreskateak edo bilaketa-lanak kobratu egingo ditu Jaurlaritzak.
Lege polemiko hau PSE eta PPren botoekin onartu dute; gainerako alderdi guztiak kontra agertu dira. Carlos Aguirre sailburuak esan duenez, kirol jarduera "arriskutsuak" praktikatzen dituzten herritarrek seguruak kontratatzea bultzatu nahi dute aipatu arauarekin. EAJ, Aralar, EA, EB eta UPyDk, berriz, lege "diskriminatzailea" eta "arbitrarioa" dela salatu dute. Lege hau indarrean sartuta, jarduera "arriskutsuak" praktikatu eta erreskatatuak diren herritarrak isuna jasoko dute, segururik ez badute. Jarduera horiek hauek dira: urpekaritza, surfa eta bestelako uretako kirolak; kanioi eta sakan jaitsiera, espeleologia, mendiko bizikletarekin kaskoa ez erabiltzea, moto-krosa, zaldiketa, eskia, eta parapentea. Salbuespenak ere badira, eta 16 urtetik beherakoek edota buruko gaitzen bat duten pertsonek ez dute isunik ordaindu beharko erreskatatuak izanez gero. Era berean, ezbeharra izan eta biktimak hilez gero, ez da erreskatea kobratuko.
Ordaindu beharreko tasak hauek dira: 36 euro erreskatean parte hartzen duen pertsona eta ordu bakoitzeko; 38 euro erreskaterako erabiltzen den ibilgailu eta ordu bakoitzeko; 383 euro erreskaterako erabiltzen den itsasontzi bakoitzeko eta beste 2.017 euro orduko; erreskatean helikopteroak parte hartzen badu, 2.093 euro ordaindu beharko dira ordu bakoitzeko.
Ika-mika Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarrean goizean egindako saioan, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak Herrizaingo Sailak emandako datuak ekarri ditu gogora, aipatu legearen kontrako arrazoiak emateko.
Ertzaintzaren datuen arabera, azken hiru urteotan 281 erreskate burutu dira eta istripu horietatik sei bakarrik izan dira eskalada praktikatzearen ondorio eta beste bi espeleologia praktikatzearen ondorio.
Mendian egindako erreskateei dagokienez, kasuen % 77tan txangozaleak izan dira istripua izan zutenak eta, bigarren tokian, perretxiko-bilatzaileak izan ziren protagonistak.
Leire Corralesek (EAJ) ez du gaizki ikusten ardura gabe jokatzeagatik eragindako erreskateengatik isunak jartzea, baina gaur onartutako legea gehiegizkotzat jo du, eta "izugarrikeria bat" dela argudiatzeko, gaur onartu dena auto-istripuak izateagatik kobratzea bezala dela esan du.
Joana Madrigalek (PSE) gogora ekarri du gidatzeko ezinbestekoa dela baimena eta seguru bat izatea eta hori inork ez duela "eskandalutzat" jotzen azpimarratu du. Gorka Maneirok (UPyD) adierazi duenez, "gehiegikeriaz jatea edo erretzea ere arriskutsua da, baina inork ez du esan horregatik artatua izan beharrez gero ordaindu egin behar dela". Juanjo Agirrezabalak (EA) ere legearen kontra egin du eta ondoko galdera luzatu du: "Norbaitek 150 km/h-ko abiaduran joateagatik istripua badu, hori ere arduragabekeria da?". Mikel Aranak (EB), ostera, arau berria "diskriminatzailea" dela salatu du. Eztabaidaren bukaeran, Antonio Danboreneak (PP) ika-mika baretu nahi izan du eta, azaldu duenez, tasa horren helburua arduragabekeriak eragindako istripuak amaitzea da. Gainera, isun horiek aseguru-etxeek ordainduko dituztela, eta ez herritarrek, nabarmendu du.