Gizartea -

Covid ziurtagiria

EB covid ziurtagiria negoziatzen hasiko da, Pfizerren esperantza guztiak jarrita

Europako helduen % 23,7ak dagoeneko hartu du txertoaren dosi bat eta % 8,7ak, biak, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren datuen arabera.

Ursula Von del Leyen, presidenta de la Comisión Europea. Argazkia: EFE
Ursula Von del Leyen, Europar Batzordeko presidentea
Ursula Von del Leyen, presidenta de la Comisión Europea. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar erakundeek asteon negoziatuko dute covid-19aren txertaketa egiaztagiriaren azken fasea, Europar Batasunak Pfizerren aldeko apustua berretsi eta AstraZenecaren kontrako jarrera indartzen duen bitartean.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren datuen arabera, europar helduen % 23,7ak dagoeneko hartu du txertoaren dosi bat eta %  8,7ak, biak.

Datorren asteazkenean, Parlamentuak Europar Batzordearen proposamenaren zuzenketak bozkatuko ditu eta Kontseiluarekin dokumentuaren inguruan negoziatzen hasteko moduan izango da orduan. Besteak beste, ziurtagiriak zehaztuko du covid-19aren kontra txertatuta gauden, PCR proba negatiboa izan dugun azken aldian edota antigorputzak ditugun.

Datei begira, Europar Parlamentuak ekaina hasierarako izan nahi du prest proiektua. Hala, hile bukaerarako amaituko dute froga pilotua eta ekaina amaieran protokoloa martxan jartzeko prest izango dute.

Pfizerren aldeko apustu argia eta AstraZenecaren bazterketa

Europar Batzordeak asteon egin du Pfizer-BioNTechen txertoaren aldeko aldarririk nabarmenena, Ursula von der Leyen presidenteak enpresa farmazeutikoak Europan duen lantegirik handienera egin duen bisitaren ondotik.

Bertan, Von der Leyenek azpimarratu zuen 1.8000 milioi dosi erosteko negoziaketetan daudela, 2022 eta 2023 bitartean pandemiari aurre egiten jarraitzeko.

Batzordeak AstraZenecarekin duen jarrera, baina, oso bestelakoa da. Izan ere, entregatzeko orduan izan dituzten atzerapenak eta kontratu hausteak tarteko, lau hilabetez luzatu dira enpresaren eta Bruselaren arteko ika-mikak. Gainera, EBk jakitera eman du AstraZenecaren kontrako demanda prestatzen ari dela.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da Ziurtagiri digitala Euskadin