Gizartea -

ARABA

San Prudentzio berezia aurten ere Gasteizen

Bigarren urtez jarraian, arabarrek etxetik ospatuko dute jaia asteazkenean. Erretreta zuzenean ikusi ahalko da streaming bidez eitb.eus-en.

San Prudentzio, Gasteiz. Argazkia: José Antonio Fernández de Luco
San Prudentzio, Gasteiz.
San Prudentzio, Gasteiz. Argazkia: José Antonio Fernández de Luco

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ak sortutako egoera dela eta, Arabak ezin izango du bere patroia normaltasunez ospatu. Bigarren urtez jarraian, arabarrek etxetik biziko dute zaindariaren jaia.

2021ean ere San Prudentzio eta Estibalizko Amaren jaietako jai tradizionalak ospatu ezingo badira ere, Gasteizko Udalak hainbat ekitaldi "oroigarri" egingo ditu herriko jaiak omentzeko. Horrela, nahi duenak segurtasun neurriak errespetatuz ospatu ahalko du eguna.

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, antolatutako jarduerek Arabako jaiak "omentzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei, ez ospatzekoa".

Aldundiak alde batera utzi ditu jende pilaketak eragin ditzaketen ekitaldiak, eta, ondorioz, ez da ekitaldi programaturik izango Armentiako zelaietan. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere "pilaketak" saihesteko eta bizikideen arteko kontaktua soilik izateko eskatu du. "Ez da ospakizunetarako garaia" eta "Udaltzaingoak beharrezko baliabideak jarriko ditu arrisku egoerak saihesteko", bere esanetan.

Hiriak modu berezian gozatuko du bere ohiko Erretretaz, Danborradaz, Zortzikoaz eta Arabako Aurresku eta Dantza Solteko Txapelketaz.

"San Prudentzio eta Estibalizko Amaren tradizioa gogoratzeko eta omentzeko" ekitaldiak antolatzeko, jaietan parte hartu ohi duten hainbat elkarte eta erakunderen parte-hartzea izan du Aldundiak.

San Prudentzioko Erretreta

Arabako Foru Aldundiak antolatu ohi duen San Prudentzio eguneko Erretretaren ordez, "publikorik gabeko" Erretreta "berezia" egingo dute, 21:00etan, Iradier Arenan. Streaming bidez emango dute eitb.eus-en. ETB1ek eta Radio Vitoriak ere zuzenean eskainiko dute. Arabako toki enblematikoetan aurrez grabatutako erretreta doinuak izango dira, eta Iñaki Palacios & The Gaels eta euskal dantzak egongo dira laurdenetan, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik.

Bestalde, musika eta dantza tradizionaleko ikuskizun batek ordezkatuko du Gasteizko Udalak antolatutako Erretreta. Udal Folklore Akademiak Indarra Dantza Taldearen laguntzarekin zuzendutako ikuskizuna 19:00etan izango da Felix Petite Antzokian (Ibaiondo). Interesatuek gonbidapen batekin (www.entradium.com webgunean izango da laster eskuragarri) sartu ahalko dira emanaldia aurrez aurre ikustera, edo streaming bidez jarraitu ahalko dute.

Danborrada

Danborrada sinbolikoa izango da, bozgorailuak jarriko dituzte alde zaharreko lau dorreetan eta hiriburuko beste eliza batzuetan. Agintariek egun handia etxetik ospatzeko eta 22:15etik 22:45era danborradan balkoietatik parte hartzeko eskatu die herritarrei.

San Prudentzio eguna

San Prudentzio egunean (apirilak 18), 09:00etan, Arabako Foru Aldundiko Txistulari Banda eta Tronpetari eta Atabalarien eskutik, Zortzikoaren emanaldia izango da Probintzia plazan. Ekitaldi itxia izango da, eta agintariak bakarrik egongo dira bertan.

Geroago, 12:30ean, Aurresku eta Dantza Sueltoko Txapelketa izango da Iradier Arenan. Arabako Dantzarien Biltzarra arduratuko da sarrerak eta gonbidapenak kudeatzeaz.

Ospakizuna, etxetik

2020an, konfinamenduaren ondorioz, arabarrek etxetik ospatu behar izan zituzten jaiak, danborrada balkoietatik eginez. Aurten ere etxean egon beharko dute, baina ziur beren mahaietan perretxiko eta barraskilo platerak ez direla faltako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba San Prudentzio Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Koronabirusa Arabako Foru Aldundia