Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Tarragonan
Hilketa matxista La Bisbal del Penedes herrian jazo da. Biktima ospitalean zendu da, erasotzaileak eragindako erredura larrien ondorioz.
E. G. | EITB MEDIA
Gizon batek emakume bat hil du La Bisbal del Penedes herrian (Tarragona). Biktima, 50 urtekoa, Bartzelonako ospitale batean zendu da, erasotzaileak eragindako erredura larrien ondorioz.
Esquadra Mossoek ustezko hiltzailea, 37 urtekoa, atxilotu dute.
Kataluniako Poliziak ohar batean zabaldu duenez, atzo arratsaldean (17:00ak aldera) abisua jaso zuten Tarragonako herri horretako etxebizitza batean emakume bat larri zegoelako, erredurekin. Berarekin batera zegoen bikotekidea.
Biktima ospitalera eraman zuten, eta handik ordu batzuetara hil zen.
Ikerketaren gertuko iturriek jakinarazi dute ez zegoela aurretiazko tratu txarren salaketarik. Auzia sekretupean dago.
Aurten gizonek hildako zortzigarren emakumea litzateke honakoa, bigarrena Katalunian. 2003tik (orduan hasi ziren zenbatzen hilketa matxistak hildakoak) 1.086 emakume hil dituzte Espainiako Estatuan. Euskal Herrian hiru emakume hil dituzte 2021eko lehen lau hilabeteetan.