Gizartea -

Koronabirusa

AstraZenecarekin txertatutako emakume bat koman Gasteizen, odolbildua izan ostean

Osasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez, kasua Farmakozaintza sareari jakinarazi zaio "txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarriaren susmoa" dagoelakoan.

Emakumea Gasteizko Santiago Ospitaleko ZIUan dago.
Gasteizko Santiago Ospitalea.
AstraZenecaren txertoa hartu zuen emakume bat koma induzituan dago Gasteizen

1:47

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AstraZenecarekin babestutako emakume bati koma eragin diote Gasteizen (Araba) odolbildua izan ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez.

57 urteko emakumezkoa da, aurretiazko patologiak zituen, eta Arabako Foru Aldundiko etxebizitza laguntza zerbitzuan egiten du lan.

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailaren arabera, kasua Farmakozaintza sareari jakinarazi zitzaion asteburuan "txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarri larriaren susmoa" dagoelakoan. Botiken Espainiako Agentziari dagokio kasua ikertzea eta zehaztea harremanik ote dagoen txertoaren eta odolbilduaren artean.

Txerto britainiar-suediarra jaso eta astebetera, emakumea ondoezik sentitu zen eta ziplo jausi zen lurrera. Ordutik, Gasteizko Santiago Ospitaleko Zainketa Intentsiboen uninatean dago.

Botika eta odolbilduaren arteko lotura frogatuko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) atzemandako lehen kasu larria litzateke. Nafarroan, Iruñean lan egiten zuen Espainiako Armako militar bat zendu zen apirilaren 23an buruko odolbildu bat izan ostean. 16 egun lehenago eman zioten AstraZenecaren txertoa. Kasu hori ere ari dira ikertzen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Txertoak Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa