Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute sexu-eraso bat egitea leporatuta, Iruñean
38 urteko gizonari 33 urteko emakume bat bortxatzea egozten diote.
agentziak | eitb media
Espainiako Poliziak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du Iruñean sexu-eraso bat egitea leporatuta.
33 urteko emakume batek salaketa jarri zuen Familia eta Emakumea Artatzeko Unitatearen egoitzan, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, eta orduan hasi zen ikerketa.
Emakumeak salaketan azaldu duenez, ustezko erasotzailea duela urte batzuk ezagutu zuen, eta lagunak ziren, sexu-harremanik izan gabe.
Salaketa jarri baino hilabete batzuk lehenago izan zen sexu-erasoa, biktimaren etxean. Erasotzaileak, emakumea lo zegoela aprobetxatuta, sexu-erasoa egin zion, nahiz eta etxebizitzan jende gehiago zegoen, eta, ondoren, alde egin zuen, inor ohartu gabe.
Ordutik salaketa aurkeztu zuen arte (anaiak eta psikologoak aholkatuta jarri zuen), "lotsa, erru eta izu sentimenduak" pilatu zitzaizkion, azken horren kasuan, "gertakariak bere egoera administratiboari eragingo ziolakoan".
Gertakarien berri izan ostean, Poliziak operazioa martxan jarri, ustezko erasotzailea atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.