Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei tratu txarrak emateagatik

Lehen atxilotuari, 30 urteko gizasemeari, emakume bat kolpatzea leporatu diote. Bigarrenari (39 urte), berriz, bikotekidea iraindu, mehatxatu eta atxikitzea.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon, 30 eta 39 urtekoak, atxilotu ditu azken orduetan genero indarkeria egotzita. 

Udaltzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, lehen atxiloketa asteazkeneko 22:00ak aldera egin zuten. Kalean zebilen patruila batek emakume bat ikusi zuen Adurza inguruan. Negarrez zegoen, eta kolpatu berri zutela erakusten zuten zauri eta hematomak zituen gorputzean.

Emakumeak agenteei esan zienez, bikotekideak jo egin zuen. Gizona handik gutxira atxilotu zuten udaltzainek.

Bigarren atxiloketa ordu laurden geroago egin zuten, Salburua auzoan. Emakume batek larrialdietara deitu zuen laguntza eske. Etxebizitzara bertaratutako agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, gizon batek iraindu, mehatxatu eta etxetik irten ez zedin atxikita mantendu zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Salburua