Gizartea -

KORONABIRUSA

Kutsatzeek berriro egin dute behera Nafarroan, 150eko langaren azpitik

Aipatzekoak dira Lakuntzan atzemandako 14 positiboak, baita Iruñeko Arrotxapea auzoko 10ak.

Osasun langile bat, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU batean. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langile bat, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU batean.
Osasun langile bat, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU batean. Artxiboko argazkia: EFE

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean izandako gorakada nabarmenaren ondotik, positiboak berriro jaitsi dira Nafarroan, 150eko langaren azpitik. 145 zenbatu dituzte zehazki, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun-sistema publikoan 2.584 proba egin ostean (1.551 PCR proba eta 1.033 antigeno test). Positibo-tasa % 5,6koa da.

Bezperako datuekin alderatuta, 36 kasu gutxiago dira, baina beherakada hori nabarmenagoa da duela astebeteko edo duela 15 egun atzemandako datuekin erkatuta (hurrenez hurren, 41 eta 58 kasu gutxiago).

Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 49 erregistratu zituzten, Lizarran % 10 eta Tuteran % 7. Gainerako positiboak (% 34) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Lakuntza da denen buru, 14 kutsatzerekin, eta Iruñeko Arrotxapea auzoa, bigarren, 10ekin. Txantrean (hori ere Iruñean) zortzi positibo zenbatu dituzte; Iruñeko II. Zabalgunean, sei, eta Tutera Ekialdean, San Adrianen eta Caparroson, bosna.

Bestalde, 199 gaixo zeuden atzo ospitaleratuta Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bost gutxiago. Atzo koronabirusarekin lotutako 12 ospitaleratze izan ziren, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 94 urteko emakume bat hil zen. Guztira, 1.164 pertsona hil dira gaixotasunaren ondorioz Nafarroan.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (% 32) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 22) dira. Ondoren, 15-29 urteko taldea (% 19) eta 45-59 urtekoa (% 17) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 7) eta 75 urtetik gorakoena (% 3) daude.

Positibo berrien batez besteko adina 30,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 59 gizonezkoak dira eta % 41 emakumezkoak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 199 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino bost gutxiago): 39 zainketa intentsiboetako unitateetan (atzo baino bat gutxiago), 12 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bi gutxiago) eta 143 gela arruntetan (atzo baino bi gutxiago).

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 59.544 kasukoa da Nafarroan.

Lakuntzako perimetroa itxita, gaur gauerditik

Nafarroako Gobernuak Lakuntzako Udalarekin adostu du herriaren perimetroa ixtea, covid-19aren hedapenari eusteko ezohiko neurri gisa, kutsatze- eta positibo-indize handiak baititu azken egunetan.

Neurri hori, herriko Udalari kontsulta egin ondoren, maiatzaren 1eko (gaur gauerdia) 00:00etan sartuko da indarrean, eta maiatzaren 8ra arte iraungo du, egun hori barne. Egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe uzteko aukera izango da.

1.200 biztanletik gora dituen Lakuntza udalerrian, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 2.892 kasukoa da 100.000 biztanleko, hau da, Nafarroakoa (353 kasu 100.000 biztanleko) baino zortzi aldiz handiagoa. Aurreko zazpi egunetan, 2.658 kasu izan ziren 100.000 biztanleko.

Arrazoi horiek direla eta, beharrezkoa da neurri murriztaile osagarriak hartzea, hala nola mugikortasuna mugatzea, udalerrira ez sartu ez irteteko (ez, ordea, etxebizitzetatik); hortik salbuesten dira laneko, osasuneko eta hezkuntzako betebeharrekin, ohiko bizilekura itzultzearekin, pertsona kalteberei arreta ematearekin eta ezinbesteko beste arrazoi batzuekin zerikusia duten joan-etorriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Altsasu Azkoien albisteak Erizainak azken ordukoa Sendagaiak Txertoak egutegia Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea albisteak COVIDaren agerraldiak gaur Anbulatorioak Nafarroako Osasun Zerbitzua