Publizitatea
Itxi

2021/04/30

13:36

Gizartea

PROTESTAK

Pentsiodunen mugimenduak manifestazioa egingo du maiatzaren 29an

EITB MEDIA

Kolektiboak manifestazioak deitu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Hiru urte protestak egiten eman ostean, "lortutako konkistak arriskuan" daudela uste dute pentsiodunek.

  • Pentsiodunen manifestazioa Iruñean.

    Pentsiodunen manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pentsiodunen mugimenduak hainbat manifestazio deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita herri eta eskualdeetan ere, maiatzaren 29rako, 17:00etan. Hiru urte protestak egiten eman ostean "lortutako konkistak arriskuan" daudela eta pentsio "publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak" bermatzeko "urrats irmorik" ez dagoela salatu nahi dute.

Pentsiodunek beste manifestazio bat deitzea erabaki dute, "pentsioak murrizten ari diren 2011ko eta 2013ko erreformak indarrean" daudelako, eta Toledoko Itunaren azken erabakien ostean, "prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia" areagotuko duten "murrizketa gehiagori ateak irekitzen" zaizkielako.

Euren aldarrikapenak bermatzeko iniziatiba hartzeko arduraduna Estatuko Gobernua dela badakitela azaldu dute, baina erkidegoetako gobernuek eta parlamentuek "horrela izateko beharrezko neurriak" hartu behar dituztela ohartarazi dute.

Estatuko Gobernuko eta alderdi politikoetako hainbat ordezkariri "behin eta berriz" zuzendu zaie kolektiboa, "egindako promesak betetzeko" (horietako batzuk PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu-akordioan jasota daude). Mobilizazio honekin pentsio publikoen gainean dauden "mehatxuak" kentzeko eta "bidezkoak eta presazkoak diren eskaerak egia bihurtzeko" behar diren erabakiak hartzeko eskatu nahi dute.

Pentsiodunen mugimenduaren ustez, Gobernuak ez du erantzunik eman "agintariek eta alderdi politikoek denbora igaroko dela eta kaleak utziko ditugula uste dutelako". Hala, maiatzaren 29ko deialdiarekin "borroka hau irabaziko dugula eta gure aldarrikapenak lortzeko eta iragarritako murrizketa berriak saihesteko aukerarik onena mobilizazioa dela" erakutsi nahi dute.

Aldarrikapenen taula bete dadila eskatuko dute berriz ere; 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea, 2021erako iragarritako murrizketa berriei uko egitea eta gutxieneko pentsio publikoak eta gutxieneko soldata ziurtatzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarrita.

Pentsioen Sistema Publikoa pribatizatzeko proposamenei uko egingo diete eta neurri eraginkorrak eskatuko dituzte soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzeko. Era berean, 40 urtez kotizatuz gero erretiro aurreratua ez zigortzeko eskatuko dute.

Azkenik, pertsona gisa bizi-baldintza duinak izateko duten eskubidea aldarrikatuko dute, "kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak" diren osasun-zerbitzuak eta zerbitzu soziosanitarioak bermatuz, mendekotasunaren zaintza eta arreta barne.

Eragile sozial eta sindikalen babesa

Kolektiboak beste kolektibo batzuei dei egin die, "pentsiodunek, langileek, emakumeek eta gazteek parte hartzeko mobilizazio irekia izango baita, eta, gainera, eragile sozial eta sindikalek ere parte hartuko dute, beren larrialdi eta aldarrikapenetatik abiatuta".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena