Gizartea -
Familia Elkarguneak
Berdintasun Sailak adingabeak indarkeria matxistatik babesteko zirriborroa egin du
Eusko Jaurlaritzak Familia Elkarguneen funtzionamendua arautzen duen dekretua aldatzeko proposamena aurkeztu du, indarkeria matxistaren biktimetan fokua jarrita.
Berezi Fernandez | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila zirriborro bat prestatzen ari da, Familia Elkarguneak arautzen dituen dekretua berritze aldera. Izan ere, legea duela hamar urte sortu zuten eta ordutik aldatu egin dira gizartearen premiak.
Proposamenak familia eredu berriak kontuan izango ditu, eta hizkuntza inklusiboa erabiliko dute dekretua idazteko orduan. Egun dauden bederatzi zentroen elkarlana bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak egoitzen arteko sarea osatu nahi du. Gainera, dekretu berriak zentroen irisgarritasuna bermatuko du eta Udalen, epaitegien, Fiskaltzaren eta segurtasun indarren arteko kolaborazioa sustatuko du.
Indarkeria matxista, erdigunera
Legea egungo beharrei egokitzeko ahaleginetan, Eusko Jaurlaritzak arreta berezia emango die indarkeria matxistarekin lotutako kasuei. Familia Elkarguneetako espedienteen erdia baino gehiago (% 46, 2020ko datuen arabera) Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegietatik datorrela kontuan izanda, lege berriarekin biktima horietan jarriko dute fokua.
Ildo beretik, nabarmentzekoa da urruntzeko aginduen portzentaje handiena gizonezkoek dutela: EAEko Familia Elkarguneetako kasuei dagokienez, familiako kideren batetiko urruntze agindua dutenen % 91 gizonezkoak dira, % 4 emakumezkoak eta % 3,7 adin txikikoak.
Bereziki gatazkatsuak diren kasuetan, bisitak ikuskari batekin egingo dira eta telefono bidezko komunikazioak indartuko dituzte. Gainetik, adin txikikoa arriskuan badago, aginte judiziala, Fiskaltza eta Ertzaintza jakinaren gainean jarri beharko dira.
2020ko datuak, zentroen eta adin-tartearen arabera
Euskal Autonomia Erkidegoan bederatzi Familia Elkargune daude. Bizkaian, 1.700 dira erabiltzaileak eta Bilbon, Durangon, Gernikan, Barakaldon, Portugaleten eta Zallan daude egoitzak. Gipuzkoan, 855 pertsonak hartzen dute parte Eusko Jaurlaritzaren programan, Donostia eta Tolosako zentroetan. Arabako zentro bakarra Gasteizen dago eta 635 erabiltzaile ditu.
Ondorengo grafikoak adin txikikoen datuak biltzen ditu eta argi ikus daiteke 6 eta 8 urte bitarteko haurrak direla Familia Elkargoetako erabiltzaile nagusiak (% 21). Atzetik doaz 9 eta 11 urte bitartekoak eta 12 eta 14 urte bitarteko nerabeak (% 18, hurrenez hurren).