Gizartea -

KORONABIRUSA

Kasu berriak nabarmen jaitsi dira EAEn, 585era, baina % 7,2koa da positibo tasa

Atzo 59 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19agatik, bezperan baino 36 gutxiago, baina 189 pertsonak jarraitzen dute ZIUetan, kopuru bera hirugarren egunez jarraian.

Anbulantzia bat Txagorritxuko Ospitalera sartzen. Argazkia: EFE
Anbulantzia bat Txagorritxuko Ospitalera sartzen.
Anbulantzia bat Txagorritxuko Ospitalera sartzen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 kasu berriek behera egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan: 8.120 proba egin eta 585 kasu diagnostikatu dira azken orduetan, bezperan baino 184 gutxiago. Aurreko bi asteetako datuekin alderatuta, jaitsiera argia ikusten da: 775 kasu apirilaren 18an (8.311 proba) eta 685 kasu apirilaren 25ean (8.876 proba). Hala ere, positibo tasak altua izaten jarraitzen du, % 7,2koa, bezperan jasotako % 6,8tik gora.

Lurraldeka, 75 kasu atzeman dituzte Araban, 298 Bizkaian, 208 Gipuzkoan eta lau beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren biztanleengan.

Ospitaleetako egoerak oso larria izaten jarraitzen du, baina azken egunean ospitaleratu dituzten pertsonen kopurua ere murriztu egin da. Atzo, adibidez, 59 pertsona ospitaleratu zituzten, bezperan baino 36 gutxiago. Gaur egun 189 paziente daude EAEko ZIUetan, kopuru bera hirugarren egunez jarraian.

Osasun Sailak ez ditu astelehenera arte argitaratuko R0ari buruzko datuak (pertsona bakar batek zenbat kutsa ditzakeen adierazten duen adierazlea), herrietako datu zehatzak eta 14 egunean 100.000 biztanleko izandako intzidentzia tasak. Atzo 529koa zen azken hori.

106raino jaitsi dira covid-19 kasu berriak Nafarroan

Nabarmen jaits ziren atzo covid-19 kasu berriak Nafarroan. Foru Erkidegoko Osasun Departamentuak emandako behin betiko datuen arabera, 106 kasu positibo berri atzeman zituzten, bezperan baino 54 gutxiago.  

Orotara, 1.844 PCR proba eta test antigeno egin ziren larunbatean, aurreko egunean baino 1.054 gutxiago. Datuokin, positibo tasa % 5,7koa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak