Gizartea -
Koronabirusa
Hiru atxilotu eta 105 salaketa osasun arauak urratzeagatik, Euskadin
Pertsona bat atxilotu dute Muskizeko taberna batean, desobedientzia leporatuta, eta beste bi Bilboko hotel bateko logelan, agintaritzaren aurkako delitua egotzita.
EiTB Media | Agentziak
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu azken orduetan, Muskizen (Bizkaia) eta Bilbon, eta 105 salaketa aurkeztu ditu covid-19ari aurre egiteko osasun arauak urratzea egotzita.
Pertsona bat atxilotu dute Muskizeko taberna batean, desobedientzia leporatuta, eta beste bi Bilboko hotel bateko logelan, agintaritzaren aurkako delitua egotzita, Segurtasun Sailak igande honetan jakitera eman duenez.
01:00ak aldera, Ertzaintzari abisua eman diote. Zenbait gazte festa egiten ari ziren Bilboko hotel bateko logelan.
Han, ertzainek zortzi gazte identifikatu eta 24 zigor proposamen egin dituzte. Gainera, bi gazte atxilotu dituzte, agintaritzaren aurkako delitua leporatuta.
02:00ak aldera, Bilbon egindako beste ekintza batean, Ertzaintzak beste 11 gazte identifikatu ditu. Bizkaiko hiriburuko ostatu bateko logelan jaia egiten ari ziren.
24 zigor proposamen egin dituzte ertzainek, ordutegi eta taldeak osatzeko mugak urratzea egotzita. Gainera, horietako bi euren udalerritik kanpo zeuden.
Muskizen, larunbateko 22:30 aldera, Ertzaintzak sei gazte identifikatu ditu taberna baten barrualdean. Edari alkoholdunak kontsumitzen ari ziren, ordutegia eta osasun araudia urratuz, maskararik gabe eta bildu daitezkeen pertsonen kopurua gaindituz.
25 zigor proposamen luzatu zituzten poliziek, eta pertsona bat atxilotu zuten, desobedientzia larria egotzita.
Bestalde, Getxon istiluak izan ziren. Larunbateko 21:00ak aldera, Udaltzaingoari abisua eman zioten. San Nikolas plazatik gertu borroka baten berri izan zuten, eta ondoren Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten.
Kasu honetan, hiru pertsona salatu zituzten, errespetu falta eta irainak leporatuta. Polizien aurka objektuak jaurti eta hiru udaltzain eta ertzain bat zauritu zituzten. Poliziak osasun zentroan artatu behar izan zituzten.
Larunbateko 00:00ak aldera, dozena bat pertsona salatu zituzten Astigarragan (Gipuzkoa), kalean edaten ari zirelako.
Azkenik, Ertzaintzak bederatzi pertsona identifikatu zituen Basaurin (Bizkaia), 01:00ak aldera, lonja batean urtebetetze bat ospatzen ari zirelako. 19 zigor proposamen aurkeztu zituzten, ordutegia urratzeagatik eta lau pertsona baino gehiago biltzeagatik. Salatuetako bat, gainera, bere udalerritik kanpo zegoen, nahiz eta hura eremu gorrian egon.