Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Bost atxilotu, Hernani eta Astigarragako hainbat enpresaren makinen aurka egiteagatik
Iragan urteko otsailean eta martxoan hiru sute izan ziren enpresa batzuen makinak gordetzen zituzten Hernaniko eta Astigarragako pabiloietan.
O. A. | EITB MEDIA
Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu eta seigarren bat ikertzen ari da, Hernaniko eta Astigarragako hainbat enpresaren makinen aurka izandako hiru sabotajerekin lotura dutelakoan, astelehen honetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Ikertutako gertaerak 2020ko otsailean eta martxoan gertatu ziren. Hiru sute gertatu ziren enpresa batzuen makinak gordetzen zituzten Hernaniko eta Astigarragako pabiloietan. Suak 1,5 milioi euroko kalteak eragin zituen.
Ikerketaren arabera, atxilotuetako batek sabotajeak egiteko ordaindu zien gainerako inplikatuei.
Ikerketa
Lehendabiziko sutea 2020ko otsailaren 26an jazo zen. Gauerdi inguruan, sutea izan zen Hernaniko instalazio batzuetan. Ertzaintzak gasolina-hondarrak zituzten botilak eta barbakoa-pastillen hondarrak, eskularruak eta jostailuzko uretako pistolak aurkitu zituen inguruan, ustez sua hasteko erabilitakoak.
Martxoaren 2an modus operandi bera errepikatu zen Hernanin, nahita eragindako beste sute batean. Kasu honetan, hainbat enpresak makina astunak gordetzen zituzten barruti batean izan zen sutea. Hor ere, kalteak handiak izan ziren, eta ikertzaileek ondorioztatu zutenez, hainbat pertsona sartu ziren kalteak eragitera.
2020ko martxoaren 15ean Astigarragako instalazio batzuetan eman zieten su makinei. Delitugileek gasolinaz busti zituzten makinak eta kamioiak, dunper bat, pala kargatzaile bat, atzerako hondeamakina bat eta kamioi baten kabina bat, besteak beste, eta su eman zieten. Guztira, bederatzi ibilgailu kaltetu ziren.
Ikerketaren arabera, hiru suteak lotuta zeuden, kaltea jasan zuten enpresak zein motatakoak ziren eta delitugileen jarduteko modua zein zen ikusita.
Nahita piztutako sute horiekin hondakin ez-organikoen tratamenduan aritzen ziren enpresei kalte egin nahi zietela ondorioztatu du Ertzaintzak.
Ikertzaileen ustez, atxilotuetako bat gizon batekin harremanetan jarri zen diruaren truke adierazitako erasoak egin zitzan. Ikerketaren arabera, hiru suteak lau gizonezkok egin zituzten, eta kasu bakoitzean auto bat erabili zuten mugitzeko.
Atxiloketak apirilaren 20an eta 21ean egin zituzten Andoainen eta Urnietan. Epailearen aurretik igaro ostean, akusatu guztiak aske geratu ziren, baina karguak egotzita.