Gizartea -

2002tik debekatuta dago

Gipuzkoan amiantoa duten eraikinen inbentarioa egitea eskatu du Asviamiek

Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak ohartarazi duenez, "milaka tona" daude teilatuetan, estalpeetan eta teilatu-hodietan, eta horiek kentzeko dirulaguntza plana galdegin die erakundeei.

Profesionalek kendu behar dute amiantoa. Argazkia: Montagnoli Rino
Profesionalek kendu behar dute amiantoa.
Profesionalek kendu behar dute amiantoa. Argazkia: Montagnoli Rino

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak Gipuzkoan amiantoa duten eraikinen inbentarioa egitea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Elkartearen arabera, iaz 33 pertsona hil ziren minbizia eragiten duen material hori arnasteagatik.

Zuntz kantzerigeno hori atzemateko eta behin betiko desagerrarazteko plana galdegiteko elkarretaratzea deitu du Asviamiek asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean.

Elkarteak ohar batean nabarmendu duenez, iaz 33 pertsona hil ziren Gipuzkoan amiantoarekin lotutako gaixotasunak jota, eta aurtengo lau hilabeteotan zortzi izan dira, kasu "gehienak" ezkutuan geratzen badira ere.

Amiantoa erabiltzea eta saltzea debekatuta dago 2002tik, baina oraindik "milaka tona" daude etxebizitzetako teilatuetan, estalpeetan, teilatu-hodietan, jardineretan eta tutuerian, Asviamiek ohartarazi duenez.

Horren harira, elkartea "oso kezkatuta" agertu da azkenaldian "baimenik gabe jarduten duten enpresa eta profesionalek landa eremuan egindako kontrolik gabeko isurketekin".

Hala, Asviamiek bizilagun-elkarte eta pertsona fisikoei zuzendutako dirulaguntzak eskatu ditu hondakin mota hauek kentzeko; izan ere, garestia izaten da erretiratzea.

Horrez gain, udalei "kontrol gehiago eta kontrolik gabeko isurketak egiten dituzten horiei zigorrak ezartzea" eskatu die, amiantoak "herritarren eta hurrengo belaunaldien osasunarentzat dakartzan ondorio kaltegarriak kontuan hartuta". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Dirulaguntzak