Gizartea -
El Corte Ingles
Dendetatik kendu dute homosexualak 'sendatzeari' buruzko liburu bat
Richard Cohen psikoterapeuta estatubatuarra da egilea eta homosexuala izan zela eta dagoeneko "sendatu" dela aitortzen du liburuan.
Erredakzioa
Richard Cohen psikoterapeuta estatubatuarraren Understanding and Healing Homosexuality (Homosexualtasuna ulertzen eta sendatzen) liburua dendatik kendu du El Corte Inglesek gayen eta lesbianen kolektiboen protestak jaso ondoren.
Andaluziako LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) Elkarteen Federazioak jakinarazi duenez, hala ere, denda batzuetan oraindik salgai dago.
Talde horren arabera, El Corte Inglesek barkamena eskatu du sare sozialetan liburuarengatik "irainduta" sentitu direnei.
El Corte Inglesek argitu du aurkezten dizkioten eta Kultura Ministerioak emandako ISBN kodea duten liburu guztiak jartzen dituela salgai.
Cohenek liburuan dio azken hamabost urteetan "milaka" gizonezko eta emakumezko homosexual "sendatu" dituela. Gainera, liburua bere esperientzia pertsonalean oinarritzen du, izan ere, "hamarkadetan" homosexuala izan eta gero, heterosexual izatera "bueltatu" dela aitortzen du.
El Corte Inglesek Interneten piztu diren protesten ondoren hartu du liburua dendetatik kentzeko erabakia.