Gizartea -

DROGEN AURKAKO OPERAZIOA

Ertzaintzak 2.200 marihuana-landare zituen plantazio bat desegin du Tolosan

Hiru gizon atxilotu dituzte (39 eta 41 urtekoak), osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta.

Tolosan desegindako plantazioa. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Tolosan desegindako plantazioa.
Ertzaintzak 2.000 marihuana-landaretik gora zituen plantazio bat desegin du Tolosan

1:04

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Tolosako (Gipuzkoa) industrialde bateko nabe batean aurkitutako marihuana plantazio bat desegin du astearte honetan. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, agenteek 2.200 marihuana-landare eta landareak barruan hazteko prestatutako instalazio bat aurkitu zituzten. Hiru gizon atxilotu dituzte, osasun publikoaren aurkako ustezko delitua eta argindarrarekin iruzur egitea egotzita.

Industria-nabean egindako ikuskapenean, 2.200 marihuana-landarez osatutako egitura bat aurkitu zuten, bero-lanparak, haizagailuak, aire girotuaz ureztapen-sistema automatikoa, isolatzaileak, filtroak eta erauzgailuak zituena

Landare gehienak ia helduta zeuden, berehala biltzeko eta lehortzeko eremu gisa egokitutako beste batera eramateko prest. Sistema guztien funtzionamendurako beharrezko argindarra inguruko erregistro elektriko batetik iruzurrez hartuta zegoen, hori ere legez kontrakoa izan arren.

Hiru gizon (39 eta 41 urtekoak) atxilotu dituzte, osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta. Hiru atxilotuak epailearen esku utzi dituzte Tolosako guardiako epaitegian.

Operazioa

Ertzaintza Tolosako erdigunearen kanpoaldean dagoen industrialde bateko industria-nabe bat ikertzen hasi zen 2020aren amaieran, eta aurtengo otsailean ikerketarekin jarraitu zuen. Pabiloia alokatuta zegoen, eta bertan ez zegoen lan-jarduerarik, baina, tarteka, hainbat pertsona inguratzen ziren bertara. Gainera, nabeak argindar asko kontsumitzen zuela jakin zuten ikertzaileek, eta argindarrarekin iruzur egiten ari zitezkeela pentsatu zuten.

Barruan legez kanpoko marihuana plantazio bat egon zitekeela susmatuta, Ertzaintzak zaintza eta kontrol dispositibo bat ezarri zuen industria-nabearen eta instalazioa alokatuta zuen gizonaren inguruan. Ikertzen ari ziren agenteek egiaztatu zuten pabiloian ez zegoela pertsona eta ibilgailu mugimendu handirik, une jakin batzuetan izan ezik, eta susmatu zuten, beraz, barruan irteten ez ziren pertsona bat edo bi zeudela. Eusko Jaurlaritzak azaldu du marihuana plantazio handietan ohikoa izaten dela egoera hori, uzta lapurtzea eragozteko eta, susmorik ez sortzearren, nabeetako jarduera oso eskasa dela aditzera emateko.

Oriako Ertzain-etxeko agenteek egindako ikerketan zehar egiaztatu zituzten industria-nabearen barruan marihuana plantazio bat zegoela adierazten zuten zantzu guztiak. Hori dela eta, asteartean, epailearen agindua jasotakoan, Ertzaintzako Esku Hartzeko Unitateak lagunduta, pabiloian sartu ziren eta miaketa egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak