Gizartea -

Alarma-egoeraren amaiera

EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu itxiera perimetralak eta etxeratze agindua

Udalerrietako eta erkidegoaren itxierari, biei, ezezkoa eman die Auzitegiak, baita lau pertsona baino gehiago biltzeko debekuari ere.

Ertzaintzaren kontrol bat. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren kontrol bat.
Dekretu berriko neurri guztiak atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

1:4

EIDER GARAIKOETXEA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzaren irizpidearekin bat eginda, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baztertu egin du lurraldearen eta udalerrien itxiera perimetralak eta etxeratze aginduari eustea. Hori horrela, eta lehendakariak iragarritako asmoari jarraiki (epaileek ebatzitakoari men egitea), Euskadi irekita geratuko da igandean, alarma-egoeraren amaierarekin batera.

13:00etatik aurrera espero zen Administrazioarekiko Auzien Salaren ebazpena, eta 13:25ean ezagutarazi dute. Eusko Jaurlaritzak atzo bidali zion pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen zirriborroa, eta hori aztertzen ibili da ordutik Luis Angel Garrido magistratuak zuzentzen duen epaimahaia.

Epaimahaiak baztertu egin ditu dekretuaren zirriborroaren 1 eta 2 puntuak. Alegia, etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara, EAEko zein udalerrietako itxiera perimetralak eta lau pertsona baino gehiagoko bilkuren debekua (kasu honetan, Fiskaltzaren irizpidetik harago joan dira epaileak).

Azken horren harira, epaileek diote, fiskalaren tesiaren kontra, muga horrek biltzeko eskubidea urratzen duela. Dena dela, zehaztapena egin du: jarduera zehatzetan (ostalaritza, kirola, etab.) mugak ezar daitezkeela, eta gogorarazi du kalean edateko bilkurak, esaterako, debekatuta daudela.

Ebazpenean argudiatzen dutenez, oinarrizko eskubideez aritzeak "zorroztasuna" eskatzen du, eta azpimarratu dutenez, gaur-gaurkoz indarrean dagoen legedi arruntaren arabera eta betiere alarma-egoera barik, autonomia erkidegoek ezin dute "oinarrizko eskubideak urratzen dituzten neurriak modu orokortuan hartu".

Egun indarrean dagoen arautegiaren errepasoa egiten du Auzitegiak bere ebazpenean. Epaileek aitortu dutenez, "osasun krisi larri honetan justifikatuta" egongo lirateke oinarrizko eskubideei eragiten dieten neurriak, baina horretarako "hori ahalbidetzen duen lege bat" egon beharko litzateke, edo, horren faltan, Espainiako Konstituzioak aurreikusitako tresnak (alarma-egoera, hain zuzen) baliatu beharko lirateke.

Jaurlaritzak bost eguneko epea du ebazpenaren kontra egiteko, berraztertze-errekurtso bidez.

Arratsaldean, behin betiko neurriak

Urkulluk iragarri zuenez, maiatzaren 9tik aurrera indarrean egongo diren neurriak epaileek babestutakoak izango dira, eta ez du Espainiako Auzitegi Gorenean helegiterik jarriko, Sanchezen gobernuak asteartean onartutako dekretuak horretarako bidea ematen duen arren.

Hala, ebazpena oinarri hartuta, lehendakariak LABI instituzionala bilduko du arratsaldean, 16:30ean, eta maiatzaren 9tik aurrera indarrean egongo diren behin betiko neurriak adostuko dituzte. Ondoren, 18:30 aldera, Urkullu bera azalduko da kazetarien aurrera xehetasun guztiak ematera (zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Konfinamenduaren deseskalatzea LABI bilera gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak