Publizitatea
Itxi

2021/05/10

15:00

Gizartea

EITB DATA

EITB DATA: Jaiotzek behera egin dute Euskadin, 1941az geroztiko minimo historikoraino

Olatz Prat| EITB Media

2020an 14.721 haur jaio dira, aurreko urtean baino 697 gutxiago; gainera, pandemiaren eragina ez da oraindik datuetan islatu. Haur gutxiago eta beranduago izaten dira.

  • Euskadiko jaiotza-tasa, 1941etik baxuena.

    Euskadiko jaiotza-tasa, 1941etik baxuena. Irudia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jaiotza-tasak beheranzko joeran jarraitzen du Euskadin eta 2020an minimo historikoetan kokatu zen. EUSTAT-ek kaleratutako datuen arabera, joan den urtean 14.721 haur jaio ziren Euskadin, aurrekoan baino 697 gutxiago; jaiotza-tasa, beraz, % 5,1 jaitsi dira jaiotzak. 1941etik erregistratzen den zifrarik baxuena da; 2008an baino 6000 haur gutxiago.

Lurraldeka, Gipuzkoan izan da jaitsierarik txikiena, 5020 jaiotza berri izan baitira, 2019an baino 113 gutxiago (-% 2,2). Bizkaian 7304 haur jaio dira, 2019an baino 416 gutxiago (-% 5,4). Jaitsiera handiena Araban izan da, 2397 jaiotza berri izan baitira, iaz baino 168 gutxiago (-% 6,5), 2565 haur jaiota.

Nabarmentzekoa da, baita ere, euskal emakumeek seme-alabak dituzten adina. 2020ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, amen % 35,2k 30-34 bitartean dituzte eta  % 32,8k 35-39 urte. Bestetik, 25-29 urteko bitartean ama izan direnak % 13,8 dira. 40 urtetik gorako amak (% 11,2) gehiago izan dira 25 urtetik beherakoak baino ( % 7).

Euskadiko gurasoen % 49k 35 urte baino gehiago dituzte lehen seme-alaba izateko unean. Lehen aldiz seme-alabak izateko adina atzeratzeak, bidenabar, nabarmen baldintzatzen du seme-alaba gehiago izateko aukera. Batez beste, emakumeek 1,28 seme-alaba dituzte Euskadin.

Amatasunaren adina ere aldatu egiten da jatorria kontuan hartzen bada. Hala, ama atzerritarren batez besteko adina 31,1 urtekoa da, eta espainiar nazionalitatea dutenena, berriz, 34,3 urtekoa.

2020an Euskadin ama izan diren emakumeen % 22 atzerritarrak dira. Kopuru hori, gainera, gero eta handiagoa eta garrantzitsuagoa da. Esan daiteke migrazioak gaztetu egin duela euskal gizartea; izan ere, Euskadira etortzen diren gizon eta emakume gehienak adin emankorrean dauden gazteak dira. Atzerritarrak Euskadira etortzen direlako ez balitz, gure biztanleria are baxuagoa eta zaharkituagoa izango litzateke, eta, jakina, haur gutxiago jaioko lirateke.

Pandemiaren eragina jaiotza-tasan

2020a Covid-19aren pandemiak jotako urtea izan den arren, haren eraginak ez dira, oraindik, jaiotza zifretan islatu, izan ere, azarora arte izan diren jaiotzak pandemia aurrekoak dira, martxoan osasun krisia lehertu aurretik sortutakoak, alegia.

Nolanahi ere, aurreikus daiteke euskal gizartea jasaten ari den narriadura ekonomikoak eta enpleguak, eta krisi-egoera noiz arte luzatuko den ez jakiteak, eragin negatiboa izango duela datozen urteetako jaiotza-tasetan. Izan ere, lehen kalkuluen arabera, 2020ko azarotik 2021eko otsailera bitartean izandako jaiotzak kontuan hartuta, jaiotzen kopuruak izandako galera-joera areagotu egingo da: hilean 60tik eta 192ra jaiotza gutxiago izango dira Euskadin.

Beheranzko joera sendotzen da

Azken hamarkadetan jaiotza-tasak gorabehera handiak izan ditu aldaketa sozial, ekonomiko eta pertsonalen arabera. Hala, 1975 eta 1999 urteen arteko aldia aldaketa sozial handien garaia izan zen, besteak beste, emakumeak lan munduan modu orokortuan sartu baitziren eta jaiotza-tasa kontrolatzeko metodo berri eta hobeak garatu batziren. 2000. urtean baby boom-aren garaia hasi zen hazkunde ekonomikoarekin eta enpleguaren suspertzearekin batera, eta gorakada horrek 2008ko munduko krisi ekonomiko handira arte iraun zuen.

Ordutik gaurdaino, jaiotza kopurua jaisten joan da urtez urte. Zifra biribiletan, 2020an 2008an baino 6000 haur gutxiago jaio dira (-% 30), urte horretan 21.315 haur jaio baitziren.

Seme-alaba gutxiago eta beranduago
2014an ekonomia eta enplegua hobetu ziren arren, jaiotza-tasak behera egiten jarraitu du. Horren atzean, batetik, arrazoi demografikoak daude; izan ere, belaunaldiak gero eta laburragoak dira eta gero eta jende gutxiago dago, ezinbestean, garai emankorrean (25-40 urte bitartean). 2008an EAEn 538.970 pertsona bazeuden seme-alabak izan ahal-nahi zituztenak, 2020an 379.060 ziren, ia % 30 gutxiago.

Kopuru horrek, gainera, behera egiten jarraituko du; izan ere, irteten diren belaunaldietako pertsonen kopurua (orain 35-39 urte dituztenak) handiagoa da sartzen diren belaunaldietakoa baino (25-29 urte).

Bestalde, atzeratzen ari da seme-alabak izateko adina ere eta, beraz, ugaltzeko adina ere laburragoa da. Zeri zor zaio, ordea, atzerapen hori? Galdera horri erantzuteko, hainbat faktore sozial, ekonomiko eta kultural hartu behar dira kontuan.

Arrazoi nagusietakoa da munduko gizarteak eta, hedaduraz, euskal gizarteak duela 10 urte jasan zuen krisi sakona. Gaur egun adin emankorrean dauden pertsona asko krisi handiak jo zituen lan-merkatuan sartzea zegokien adinean, eta atzeratu egin zitzaien lehen lana lortzeko adina, langabezia eta bestelako bistako arrazoiengatik.

10 urte pasata, pertsona horietako askok zailtasunak dituzte oraindik lan- eta ekonomia-egonkortasuna lortzeko. Aldi baterako kontratuak, lan-baldintza kaxkarrak eta soldata baxuak dituztenez, oso zaila edo ezinezkoa egiten zaie etxebizitza bat erosi edo alokatzea, bertan ezarri eta familia bat osatzeko.

Horri gehitu behar zaio lan-merkatu gero eta lehiakorragoa, prestakuntza- eta espezializazio-maila handiak eskatzen dituena (goi-mailako ikasketak, masterrak, hizkuntzak). Horren ondorioz, gazteek beren prestakuntza-aldia luzatzera behartuta daude, eta, ondorioz, atzeratu egiten da lanean hasteko garaia; jakina, egonkortasuna eta familia osatzeko proiektua ere atzeratu egiten dira, eta kasu batzuetan, baita, etsi-etsian, bazter utzi ere.

Halaber, gazte askok guraso izateko adina borondatez atzeratzea erabakitzen dute, bidaiatu ahal izateko, mundua ikusteko eta seme-alabak ardurapean izanda lortzen zailak izango liratekeen esperientziak bizitzeko.

Europarekiko alderaketa

Euskadik jaiotza-tasarik okerrenetakoa du inguruko herrialde esanguratsuekin alderatuta (tamainaren, ibilbidearen eta/edo gizarte aurreratuen erreferenteen arabera), Euskadiko 1,28ko tasa EB-27ko 1,53ko batez bestekoarekin alderatuz gero.

Hala ere, EB-27ko eta aipatutako erreferentziazko herrialdeetan ez dira iristen 2 seme-alabako ugalkortasun-tasara, eta, beraz, inork ez du lortzen biztanleria mantentzeko beharrezko jotzen den 2,1eko gutxieneko tasa. Frantzia da gehien hurbiltzen dena, eta, hala ere, 1,86an dago. Atzetik ditu Suedia (1,71), Alemania (1,54) eta Portugal (1,43). Nafarroak 1,40ekoa du ugalkortasun-indizea. Italiak (1,27) eta Espainiak (1,24) Euskadik baino ugalkortasun-indize baxuagoak dituzte.


 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;