Gizartea -
TRAFIKOA BILBON
30 km/h-ko mugaren aurrean Bilbon jendea lasaitu egin dela ohartarazi dute
Mugikortasun zinegotziak gogoratu du informazio-aldia duela bi hilabete amaitu zela eta dagoeneko isunak jartzen ari direla.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bilbo izan da abiadura 30 km/h-ra mugatu duen munduko lehen hiria, eta astearte honetan ohartarazi dutenez, gidariek, oro har, neurria errespetatzen duten arren, kaleren batean "lasaitzen" ari dira, eta, ondorioz, isunak jarriko dituztela ohartarazi dute.
Gaurtik ezingo da 30 km/h-tik gorako abiaduran zirkulatu Espainiako Estatuko kale gehienetan, baina Bilbon irailaren 22az geroztik dago ezarrita muga hori.
"Hirietan iraultza isila hasi da gaur", nabarmendu du Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotzi eta alkateordeak. Neurri honekin, ke eta zarata gutxiago izan nahi dute hirietan, eta trafiko istripuen ondorioz hiltzen diren pertsonen kopurua murriztu.
Hala ere, Bilboko kale guztietan 30 km/h-ko muga ezarri zutenetik zortzi hilabete igaro direnean, neurria "oro har ondo" betetzen dela esan du Gilek, baina ohartarazi du: "Lasaitzen ari gara". Egoera hori bereziki bi edo hiru errei dituzten kaleetan gertatzen dela azaldu du.
Horren aurrean, Udalak "radar pedagogikoak" jarriko dituela aurreratu du Mugikortasun zinegotziak, zirkulazioa "monitorizatzeko" eta, hasiera batean, gidariari abiaduraren berri emateko.
Dena dela, "arauak asko hausten direnean" isunak etorriko direla esan du. "Ez dugu nahi, baina neurri honi eusteko ahalegina egin behar dugu", gaineratu du Gilek, eta gogoratu duenez, informazio-aldia "duela bi hilabete amaitu zen eta isunak jartzen ari dira". Ezarritako abiadura bikoizten bada, horren atzean "delitua" dagoela azaldu du.
"Erlaxazio" horren aurrean, Gilek esan du "sentsazio gazi-gozoa" duela, eta gidariei "arduratsuak" izateko eta muga hori errespetatzeko deia egin die.