Gizartea -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak haurdun daudenei Pfizer edo Moderna txertoa ematea aholkatu du
Emakume horiei txertoa dagokienean, lehentasun taldearen arabera, ematea aholkatzen dute, edoskitze garaian ere bai.
agentziak | eitb media
Espainiako Osasun Ministerioak Txertaketa Estrategiaren zazpigarren eguneratzea argitaratu du, eta berritasun nagusia da haurdun dauden edo edoskitzen ari diren emakumeei RNA mezularidun txertoa ematea aholkatzen dutela, Pfizerrena edo Modernarena adibidez, lehentasun taldearen arabera.
Ministerioaren eta erkidegoen artean adostutako txostenean azaldu dutenez, "orokorrean, ez da covid-19 larria edukitzeko arrisku handiagorik atzeman, emakumearen arrisku egoera gora-behera". "Txertoen saio klinikoetan haurdun zeudenak kanpoan utzi ziren arren, eskuartean ditugun datuek, AEBkoek bereziki, ez dute albo kalterik erakusten haurdunaldian", gaineratu dute.
AEBn argitaratutako ikerketa bat aipatzen dute. Bertan, RNA mezularidun txertoa jaso duten 36.591 emakume haurdunen kasuak aipatzen dira, eta ez zela atzeman segurtasun arazorik.
Era berean, dokumentuak argudiatu du Erresuma Batuko Immunizazio eta Txertaketa Batzordeak haurdun daudenak lehentasun taldearen arabera txertatzea aholkatzen duela, hau da, gainerako herritarrak bezalaxe, adinaren eta osasun arriskuaren arbaera.
Belgikan ere RNA mezulariaren erabilera aholkatu dute haurdun dauden, edoskitzen ari diren edo haurdun geratu nahi duten emakumeentzat.
Bestalde, Pfizerren txertoa 12 eta 15 urte artekoei jartzea onartu ostean, arrisku handiko 12 urtekoak lehenestea adostu dute, eta gainerakoak "ez lehenestea oraingoz".