Gizartea -

HEZKUNTZA

BEC, Ficoba eta Iradier Arenan ere egingo dituzte aurten selektibitate probak

EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak moldatu egin dituzte aurtengo probak ere, osasun-baldintza hoberenetan eta segurtasunez egin ditzaten azterketak ikasleek.

Iazko selektibitate probak. Argazkia: EFE
Iazko selektibitate probak.
Iazko selektibitate probak. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unibertsitatera sartzeko ebaluazio-azterketak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) egoitzetan ez ezik, Barakaldoko BECen, Irungo Ficoban eta Gasteizko Iradier Arenan ere egingo dira aurten; gune gehiago jarrita, ahalik eta osasun-baldintza hoberenak edukitzea da helburua.

Aurten, ekainaren 8, 9 eta 10ean (ohiko deialdia) eta uztailaren 6, 7 eta 8an (ezohiko deialdia) egingo dituzte azterketak ikasleek.

EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi dutenez, "elkarlan estuan" jardun dute ikasturte osoan, unibertsitatera sartzeko ebaluazioa osasun-berme handienekin egin dadin.

"Iazko esperientzia positiboa gogoan, ordutegia berregin da aurten ere, higiene-, segurtasun- eta antolaketa-neurriak betetzen direla bermatzeko, bai eta ikasleen itxaronaldiak eta atsedenaldiak hobetzeko ere", adierazi dutenez.

Parte-hartzaileek azterketa egiteko behar duten idazmahaiko materiala eraman beharko dute, bakoitzak berea (boligrafoak, erregelak, kalkulagailua...), eta ezarritako gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu eta musukoa jantzita izan beharko dute, une oro.

Hautazkotasun handiagoa azterketetan

Bestalde, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, 2020an egin bezala, irakasgai ezberdinetako azterketen berregituraketa mantentzea adostu dute EHUk eta Hezkuntza Sailak.

Funtsean, berregituraketa azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean datza. Ikasleek, beraz, aukera izango dute A eta B ereduetako galderak nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio- zein zuzenketa-irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabili ohi direnak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza