Gizartea -

Koronabirusa

60 urtetik beherakoek aukeratu egingo dute bigarren dosia: Pfizer edo AstraZeneca

Txertoa jasotzen duenak baimen-dokumentu bat sinatu beharko du. Dariasek azaldu duenez, Bioetika Batzordearen eta erkidego gehienen oniritzia du erabakiak, eta "aparteko" egoera bati erantzuten dio.

Covid-19aren aurkako txertaketa. Argazkia: EiTB
Covid-19aren aurkako txertaketa. Argazkia: EiTB
Covid-19aren aurkako txertaketa. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek erabaki dute AstraZenecaren lehenengo dosia jaso duten 60 urtetik beherakoek immunizazio prozesua etxe horretako dosiarekin amaitzea edo Pfizerrena hartzea aukeratu ahalko dutela. Dena dela, dokumentu bat sinatu beharko dute erabakiarekin bat datozela adierazteko.

Horixe iragarri du Carolina Darias Osasun ministroak Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren ostean. Egoera "apartekoa" delako hartu dutela erabaki hori gaineratu du.

Bioetika Batzordeak iritzia eman beharko du orain, aukeraketari buruzko baimen idatziaren baldintzak zehazteko.

Dariasek, hala ere, esan du ez dela "aukeraketa kontua", Osasun Publikorako Batzordeak bigarren dosia Pfizerrena izatea erabaki zuelako, eta soilik eragingo die "arrazoi jakin batzuengatik" RNA mezulariaren txertoa jaso nahi ez dutenei.

Atzo hartutako erabaki horrek (10 boto alde, 7 kontra eta 3 abstentzio) hautsak harrotu zituen, eta zenbait erkidegok berretsi zuten immunizazio prozesua AstraZenecarekin amaituko zutela lehenengo dosia jaso zutenek.

Bilera horretan, erkidegoetako Osasun arduradunek eta Ministerioak atea ireki zioten bigarren dosia aukeratu ahal izateari, eta hurrengo batzarretan zehazteko utzi zuten.

Erabakia gehiago "ez atzeratzeko", Dariasen esanetan, Lurraldearteko Kontseiluan proposatu dute, eta erkidego gehienek onartu dute askok duela hainbat aste eskatu zutena.

Eusko Jaurlaritzak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren ahotik, bileraren aurretik eman zuen horri buruzko iritzia. Sagarduik ohartarazi zuenez, "60 urtetik beherakoei orain Pfizerren dosia emanez gero, txerto horrekin egin beharreko txertaketak bi astez etenda geratuko lirateke".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa