Gizartea -

Bizkaia

Ihesi zihoan gizon batek auto istripua eragin du Muskizen, eta hiru zauritu izan dira

Kontrako noranzkoan sartu da biribilgune batean eta beste ibilgailu batekin aurrez aurre egin du talka. Barruan zihoazen emakume bat eta haren bi alabak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaltzaingoarengandik ihesi zihoan ibilgailu batek aurrez aurre egin du talka beste auto batekin Muskizen, eta barruan zihoazen emakumea eta haren bi alabak zauritu egin dira. Istripua eragin duen gizona atxilotu egin dute.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak 08:30 inguruan jazo dira. Udaltzaingoaren patruila batek gelditzeko agindua eman dio Abanton, baina gizonak aurrera jarraitu du eta ziztu bizian Muskizerako bidea hartu du.

Osasun zentrotik hurbil dagoen biribilgunera kontrako noranzkotik sartu da, patruila atzean uzteko asmoz, eta une horretan aurrez aurre jo du beste ibilgailu batekin. Lekukoen arabera, osasun zentroko langileek artatu egin dituzte barruan zihoazen hiru pertsonak: emakume bat eta adin txikiko bi alabak. Ondoren, hirurak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte.

Istripua eragin duen 34 urteko gizona ere zauritu da eta osasun zentro berean artatu dute. Atxilotu egin dute, bideko segurtasunaren kontrako delituak eta arduragabekeria larria egotzita. Aurrekari polizialak dituela zehaztu dute.

Ertzaintzak hartu du ikerketaren ardura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abanto Zierbena Errepideko istripuen biktimak