Gizartea -
ZALDIBARKO LUIZIA
Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Gutunak manifestazioa deitu dute bihar Zallan
Erantzukin politikoak eskatuko dituzte beste behin. Eusko Jaurlaritzak "gai hau gainetik kendu" nahi izatea eta Verter Recycling "errudun bakar" gisa aukeztu nahi izatea deitoratu dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak manifestazioa egingo dute larunbat honetan, hilaren 22an, Zallan (Bizkaia), Zaldibarko luiziagatik erantzukizun politikoak eskatzeko. Luizia 2020ko otsailaren 6an gertatu zen Zaldibarko zabortegian, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak milaka tona hondakin toxikoren azpian harrapatuta geratu ziren.
Erantzukizunak eskatzeko ez ezik, Joaquin Beltranen senitartekoei elkartasuna adierazteko ere baliatuko dute deialdia. Zallako bizilaguna hondakinen azpian harrapatuta gelditu zen, eta Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian hura bilatzeko lanak amaitutzat eman zituen iragan astean. Alberto Sololuzeren gorpua 2020ko abuztuaren 16an topatu zuten, baina Beltranen arrastorik ez dago, 15 hilabete haren bila eman arren.
Aste honetan eskainitako prentsaurrekoan, Zaldibarko zabortegian izandako "kontrol falta" salatu dute, eta Iñaki Arriola sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak horretan duten ardura politikoa azpimarratu dute.
Manifestazioaren deitzaileen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ardura gainetik kendu nahian dabil, "erantzukizunak saihestuz", eta Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen Verter Recycling enpresa "errudun bakar" gisa aurkeztuz.
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak azaldu dutenez, Verter Recycling enpresak "erantzukizun zuzena du langileen heriotzan", baina Eusko Jaurlaritzak "ez zuen ezer egin" enpresaren jarduera kontrolatzeko, 2016. urtetik "arrisku larrian" bazegoen ere.
Luizia gertatu ondorengo egunetan "desagertuta" egotea leporatu diote Iñigo Urkulluri, eta Joaquin Beltran bilaketa lanak amaitu ostean "aurpegia eman ez" izana ere egotzi diote.
Bestalde, patronala ere jomugan jarri dute indarrean dagoen legedia ez betetzeagatik. Gainera, hondakinen kudeaketarekin "negozioa" egin nahia aurpegiratu diote.