Gizartea -

coronavirus

Profesionalak ez diren abesbatzek jardunari heldu ahalko diote neurri batzuk hartuta

Osasun Sailak jarraibide berriak prestatu ditu kultura- eta kirol-jarduera mota jakin batzuetan koronabirusaren transmisioa prebenitzeko.

Maiatzaren 2an abesbatza ez profesionaletako kideen protesta Bilbon. Argazkia: EITB media
Maiatzaren 2an abesbatza ez profesionaletako kideen protesta Bilbon.
Maiatzaren 2an abesbatza ez profesionaletako kideen protesta Bilbon. Argazkia: EITB media

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Profesionalak ez diren abesbatzek berriro ekin ahal izango diete azarotik debekatuta dituzten entseguei eta jarduerei, baldin eta aire zabalean edo ondo aireztatutako espazio handietan egiten badituzte, maskara jarrita dutela abesten badute, edukiera eta bolumena murrizten badituzte eta segurtasuneko pertsonen arteko distantzia mantentzen badute. Hala ezartzen dute Osasun Sailak jarduera soziokulturaletan covid-19ren transmisioa prebenitzeko protokoloak egiteko gidaren eguneratzean sartu dituen jarraibide berriek.

Gidaliburu honek jarraibide espezifikoak ezartzen ditu zenbait jardueratarako, hala nola, erlijio-zeremonietarako, musika eta ahots taldeetarako eta profesionalak ez diren dantza taldeetarako, aisialdiko jardueretarako eta lehiaketa federatutik kanpoko kirol-probetarako.

Koldo Cambra Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak gaur gogorarazi duenez, indarrean dagoen 23/2021 dekretuak Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituzten protokoloak eskatzen ditu jarduera horietarako, eta, beraz, kolektiboek beren jarduerei berrekin ahal izango diete, baldin eta segurtasun-neurriekin gida propio bat egiten badute.

Arlo bakoitzak bere jarraibide zehatzak baditu ere, beste batzuk berdinak dira denentzat, hala nola edukieraren kontrola, jende-pilaketak saihesteko sarbideen antolaketa, parte-hartzaileei errespetatu beharreko neurriei buruz aldez aurretik informazioa eman beharra eta pertsona batek covid-19aren sintomak dituenean jarraitu beharreko pausoak zehaztea.

Horrela, aire zabaleko espazioak lehenesten dira, burbuila taldeak sortzea eta pertsonen arteko distantzia ezartzea, eta, aldi berean, oinarrizko beste neurri batzuk jasotzen dira, hala nola, maskara eramatea, barruko espazioak aireztatzea, eskuak garbitzea eta gainazalak desinfektatzea.

Era berean, covid-19arekin zerikusia duen edozertarako erreferentziazko pertsona bat izendatu beharko da. Pertsona horrek taldekideei buruzko informazioa bilduko du, baita jardueretan duten parte-hartzeari eta harremanetarako datuei buruzkoa ere, eta, beharrezkoa izanez gero, Zaintza eta Arreta Sarearekin lotura izango du.

Dokumentuan jasotako jarduera bakoitzak bere jarraibideak ditu, bere ezaugarri zehatzei egokitutakoak, eta Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsulta daitezke, dagozkion protokoloak egin ahal izateko.

Joan den maiatzaren 2an euskal abesbatzetako dozenaka kide bildu ziren EAEko hiru hiriburuetan, 2020ko azarotik pandemiaren eraginez debekatuak zituzten entseguei berriro ekiteko "baimena eskatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Koronabirusa